'Zurrunbilo' euskarazko arte eszeniko garaikideen jaialdia izango da Gasteizen

Antzezlanak eta aurkezpenak ere izango dira egitarauan eta sarrerak salgai daude.

Parasite Kolektiboak antolatutako Zurrunbilo euskarazko arte eszeniko garaikideen bederatzigarren jaialdia egingo dute datorren astean Gasteizen. Publiko berriengana hurbildu, tokiko konplizitatea sortu eta beste lurralde historiko batzuetako programa eszenikoekin loturak sortzen saiatzea da jaialdiaren asmoa.

Bederatzigarren edizio honetan arte eszeniko garaikideak etorkizuneko belaunaldiei hurbiltzea du helburu, ardatz komun batetik abiatuta: artxiboa, antzerki dokumentala, memoria eta belaunaldien arteko harremanak.

Jaialdiaren lehen emanaldia martxoaren 20an izango da, EHUko Arabako campuseko unibertsitate pabiloian, 19:00etan. Mamiak Kolektiboak Ogiak hizketan baleki (Gasteiz 1835-1836: hiri okupatuaren kronika bat) kazetaritza performatiboko antzezlana taularatuko du.

Ane Gebarak La deskarada estreinatuko du martxoaren 22an, 20:00etan, Baratza aretoan. Artxibo biluzia dokumentazioa tailerrean hazitako pieza da, eta hilabete batzuetako lanaren eta Baratzan egonaldi artistikoan egon ondoren, pieza luzea aurkeztuko du: "Denak gara gure arbasoen jarraipena, denok dugu iraganetik zerbait. Baina iraganeko ideia idilikoa denenan zer geratzen zaigu guri, oraina bizi dugun hilkorroi? Hemendik eta gaurtik aurrera nola jokatu nahi dugun gure esku dago, edo ez? Zatoz, mahaia jarrita dago, eta labea bero".

Martxoaren 23an, 18:00etan, Oier Guillanek EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen ganbila.eus webgune berria aurkeztuko du, eta ondoren, Ander Lipusek Antzerkiaren labirintoan liburua. Bestetik, Itziar Manerok Memoria aurkeztuko du, oroimenari eta haren galerari buruzko antzezlana.

Azkenik, martxoaren 24an, Metrokoadroka taldeak Artxibo biluziak konferentzia performatiboa eskainiko du, Javier Barandiaran eta Intza Alkain antzezleekin. Dokumentu antzerkia eta umorea uztartzen ditu.

Emanaldi bakoitzerako sarrerak 10 euro balio du, 12 euro txarteldegian, eta jaialdi osorako bonuak 25 euro. Sarrerak  https://salabaratza.com webgunean eros daitezke.