Zurrumurruen aurkako kontakizun laburren lehiaketa

Migratzaileei buruzko ikuspegi negatiboa aldatzeko testuak idatzi beharko dira. Parte hartzeko epea hilaren 30era arte dago zabalik.

Bilboko Udalak, Herritartasunaren eta Aniztasunaren II. Udal Planaren barruan, zurrumurruen aurkako kontakizun laburren V. lehiaketa jarri du martxan. Zurrumurruen aurka, sartu aterpera!  lelopean, lehiaketaren bidez aniztasunean oinarritutako bizikidetza sustatzea, migratzaileei buruzko pertzepzio negatiboak aldatzen laguntzea eta beste begirada bat ematea da asmoa. Horretarako kontakizunak erabiliko dituzte, "hitzaren botere eraldatzailearekiko konfiantzaz".

18 urtetik gorako pertsonak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara, edozein nazionalitate edo bizileku dutenak. Zurrumurruen aurkako proiektuaren edukiak eta balioak azpimarratu beharko dituzte kontakizunetan: bizikidetza; kulturartekotasuna; aniztasuna; arrazakeriaren, estereotipoen, aurreiritzien eta zurrumurruen aurkako borroka; identitatea; errespetua; elkarrizketa, eta aniztasunaren abantailak eta ekarpenak.

Euskaraz edo gaztelaniaz idaz daiteke eta bi modalitateetan bina sari banatuko dira: lehenak, 350 euro jasoko ditu eta bigarrenak 150. Horretaz gain, kontakizunaren argitalpenaren bina ale jasoko dituzte. Finalisten kasuan eurek aurkeztutako obren sorta bat aukeratu eta argitaratu egingo da. Saritu eta aukeratutako kontakizunekin osatutako liburua eskuragarri egongo da sari banaketako ekitaldian. 

Kontakizunak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira irailaren 30a baino lehen. Oinarriak Bilboko Udalaren webgunean daude jasota.