'Zure hatz marka euskaraz' kanpaina martxan

Gailu elektronikoak euskaraz jartzera animatu nahi dituzte herritarrak azaroaren 10era bitartean.

Eusko Jaurlaritzak Zure hatz marka euskaraz izeneko kanpaina abiatu du, eremu digitalean euskararen erabilera sustatzeko. Batetik, gazteak sare sozialetan edukiak euskaraz sortzera animatu nahi dituzte eta, bestetik, herritarrei gailuak euskaraz konfiguratzeko deia egin diete. 

Hasteko, gazteak euskarazko eduki digitalak sortzera bultzatzeko, sare sozialetan gazteak aktibatzeko #EginEragin lehiaketa egingo da. Lehiaketa 13 eta 25 urte arteko gazteei zuzendua dago, eta TikTok eta Instagram bidez egingo dute azaroaren 11ra bitartean. Parte-hartzaileak euskarazko bideo bat igo beharko dute bere profilera, TikTokera edo Instagramera, lehiaketaren gaiarekin lotura duena, #egineragin traola eta lehiaketaren audioa. Bideoak 15 segundo eta 60 segundo bitartean iraun dezake eta formatu bertikala izan behar du. Bestetik, nahitaezkoa izango da TikTok eta Instagrameko Gozatu Sarean Euskaraz profilak jarraitzea. Bi sari banatuko dituzte, sare sozial bakoitzeko bana, Xiaomi Mi 101T 5G telefonoak hain zuzen ere. Balizko irabazleak TikTok eta Instagrameko profilen bidez jakinaraziko dira azaroaren 12an.

Aitziber Garmendia aktorea bera da gailu elektronikoak euskaraz aktibatzeko gonbita egiten ari dena ere. Hainbat tutorialen bitartez  herritarrei gailuak nola euskaratu azaltzen die. Gozatu Sarean Euskaraz atarian eta sare sozialetan daude ikusgai bideo tutorial horiek. Modu errazean azaltzen dute sistema eragileak nola euskaratu, eta PDF dokumentuak ere argitaratu dituzte instrukzioekin.