Zure curriculumak lehen iragazkia gainditzeko bost aholku

Zure Curriculum Vitaea baloratuko duten pertsonek 6-8 segundotan hartuko dute erabakia.

Lan bila zabiltza? Zure curriculuma lehen begiratuan baztertuko dutenaren beldur zara? Ez da funtsik gabeko beldurra. Dakigunaren arabera langileak hautatzeko arduradunak batez beste 6-8 segundo behar izaten ditu curriculum bakoitzari lehen iragazkia pasatzeko. Horrenbeste eskari dituenez, azkar batean berezi behar izaten ditu baliagarriak zaizkionak eta ez zaizkionak. Askotan gainera, lehen hautaketak eta bazterketak egiten dituena ez da pertsona bat izatean, baizik eta Applicant Tracking System deitutako programa. Beraz, zer egin, ez pertsonek ez eta makinek ez dezaten zure curriculuma lehen begiratuan baztertu?

Lehenik eta behin lan eskaintzaren ezaugarrietan ahalik eta gehien egokitzen den moduan egituratu behar duzu curriculuma. Izan ere, curriculum bakarra osatu eta kopia berberak erakunde ezberdinetara bidaltzea ez da eraginkorrena. Curriculuma lan eskaintza bakoitzera egokitu ezean jai duzu!

Bigarrenik, curriculumaren alderdi estetikoa zaindu behar duzu, baina minimalismotik urrundu gabe. Ez soilik minimalismoa modan dagoelako, baizik eta benetan berezi duen informazioa 6-8 segundotan ikusi dadin. Beharrezkoa den hori soilik ipintzea nahikoa da, beharrezkoak ez diren datuekin edo irudiekin apaindu gabe. Koloreak ere, zenbat eta neutroagoak hobe. Zure curriculuma duenak, nahita naiez irakurri beharra izango du honela.

Hitz gakoak sartzea ere garrantzitsua da, batez ere, lehen aukeraketa pertsona batek beharrean makina baten egiten baldin badu. Eta noski, ezin du ortografia akatsik egon, programa horiek akatsak dituzten curriculumak baztertzeko ere programatu daitezke eta.

Bukatzeko, bi gomendio. Batetik, besteengandik ezberdintzea ukitu pertsonala emanez. Bestalde, egitura zaintzea ere ezinbestekoa da. Informazioa modu hierarkikoan ordenatua ez badago, punturik garrantzitsuenak begi bistan ez badaude, segundo ugari galdu araziko dizkiozu zure curriculuma begiratu behar duen pertsonari eta hori zuretzat kaltegarria izan liteke. Zenbat eta errazago jarri irakurleari hobe. Zorte on!