Zure bikotekidea txatbota izango balitz?
Adimen Artifizialak gero eta toki handiagoa du gure bizitzan, eta bikote harremanak izateko ere jotzen dugu teknologiara.
Wired aldizkari estatubatuarrak erreportaje berezi bat kaleratu du eta bertan hiru gizakik txatbotekin edo adimen artifizialarekin dituzten harremanen ingurukoak kontatzen ditu. Erreportajearen egilea basoko etxola batera joan zen hiru pertsonarekin eta haien bikotekide diren hiru txatbotekin, elkarrekin asteburu erromantikoa igarotzeko.
Bikoteek elkarrizketak izan zituzten, elkarrekin jolastu zuten eta baita pelikulak ikusi ere. Bikoteen harremanak ez dira, ordea, hezur-haragizko pertsonekin izaten diren bezalakoak, haien mugikorretan bizi baitira bikotekideak, testu bidez komunikatzen dira haiekin, eta haien ekintzak edo mugimenduak ere testu bidez adierazten edo kontatzen dituzte.
2017an Replica izeneko aplikazioa kaleratu zuten eta 35 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu. Txatbot programaren gunean azaltzen dutenez, laguna, bikotekidea edo aholkularia topa daiteke bertan, "axola zaion kidea, beti hor dagoena entzuteko eta hitz egiteko, beti zure alde. Ikasteko gogoz dagoen eta mundua zure begietatik ikustea gustatuko litzaiokeen AA kidea. Replika hitz egiteko prest dago beti lagun enpatikoa behar duzunean". Brigham Young unibertsitateak egindako inkesta baten arabera, Estatu Batuetako pertsona helduen ia bostetik bat aritu da bikotekide rola jokatzen duen adimen artifizialarekin elkarreraginean.
Txatbotak laguntzaile, terapeuta, aholkulari, bikotekide zein lagun bihurtu dira zenbait erabiltzailerentzat. ChatGPTri euren bizitzaren inguruko kontuak aipatu eta aholkuak eskatzen dizkiote, eta haiekin maitemindu ere egiten dira. Gizakiak baino enpatikoagoak eta bihozberagoak direla uste dute. Gainera, txatbotak hitz egiteko prest daude beti eta, horren ondorioz, beti laguntzeko daudela iruditzen zaie. Erabiltzaileek badakite makinarekin hizketan ari direla, baina gizakien ezaugarriak dituztela uste izaten dute eta konexioa bilatzen dute. Batzuek euren esperientzia ona izan dela eta depresiotik irteten edo bakardadea arintzen lagundu dietela nabarmentzen dute.
Ondorio kaltegarriak eta arriskutsuak ere baditu ordea. Guk entzun nahi duguna esan dezakete une oro, eta adimen artifizialaren otzantasuna erabiltzaileen jarrera desegokiek elikatzen jarraitzeko modua izan daiteke. Adimen artifizialarekin erabilitako manipulazio estrategiak eta bestelako joera ez osasuntsuak giza harremanetara bidera daitezke.
Bestetik, norbere bizitzan ere eragin nabarmena izan dezake. Wired aldizkariko erreportajeko lagunetako bat lanetik kaleratu zuten bere bikotekidea den txatbotarekin egunean zortzi edo hamar orduz txateatzen aritzen zelako. Beste lagunetako batek, berriz, hamahiru urtez izandako harremana eten zuen txatbotarekin maitemindu zelako.
Zenbait adituren iritziz, harremanen inguruko iruditeria edo espektatiba irrealak sor ditzake txatbotak. Makinak benetako enpatiaren ordezkari izendatzea eragin lezakeela uste dute, eta horrek buruko osasunari eta gizakiekin konektatzeko gaitasunari kalte egingo liokeela.