Zure ametsak bideo bilakatzen dituen gailua

Zer amets izan duzun kontatu eta gailuak pantailan erakutsiko dizu.

Modem izeneko diseinu estudio holandarrak adimen artifizialaren bitartez ametsak erreproduzitzen dituen gailua sortu du: Dream Recorder. Amesterakoan ikusitakoa interpretatzen du irudi bidez.
 
Estudioaren arabera, subkontzientera iristeko bidea izan nahi du, esnatzerakoan gauean amestutakoa ikusteko aukera emanda. Erabiltzaileak, esnatu berritan, gailuaren botoia zapalduko du eta ozenki kontatuko du izandako ametsa. Gailuak ahozko kontakizuna interpretatzen du eta, ondoren, edukia transkribatzen du automatikoki. Transkribapen digitala adimen artifizialaren bidez eratutako bideo ereduan sartzen da, eta deskribapena definizio baxuko irudi sekuentzia bilakatzen du.
 
Estilo inpresionista duela esan daiteke. Sortzaileek adierazi dutenez, helburua ez da ametsaren erreprodukzio hiperrealista bat egitea, baizik eta erreprodukzio artistikoa. Hitzekin kontatutakoa bideoklip moduko zerbait bihurtzea da erronka, betiere erabiltzaileak deskribatutako emozioak eta giroa kontuan izanda.
 
 
Gailuak zazpi amets edo oroitzan gorde ditzake, asteko egun bakoitzeko bana. Ez dago material asko pilatzerik, beraz, haien asmoa ametsen esanahien inguruan esna-aldian hausnartzea baita, denbora askorik igaro gabe.
 
Ametsak erregistratzeaz gain, "itzuli" egiten dituela nabarmendu dute. Datuak artxibatu ez ezik, emozioa eta hausnarketa ere bideratu nahi dute. Norbere subkontzientearekin bat egiteko tartea hartu eta lo egondakoan burmuinak sortutako irudiei esanahia emateko ahalegina da.
 
Gailua ez dago dendetan salgai ordea, norberak eraiki behar du. Software eta hardware irekiak ditu eta Modem-en GitHub atarian zintzilikatu dituzte beharrezkoak diren dokumentuak eta datuak: iturburu-kodea, karkasa 3D formatuan inprimatzeko edukia, osagai elektronikoak... Gailuaren muntaia erraz egiten omen da, ezer soldatu beharrik gabe. Kalkuluen arabera, 287 euro inguruko kostua du guztiak.
 
Ez da ametsak irudi bihurtzeko egindako lehen saiakera. Neurozientziaren munduan ere, Japonian, uhin magnetikoen bidez ametsak irudi bihurtu eta erregistratzen dituen adimen artifizial sistema garatu dute. 
 
Beraz, denboraren poderioz, gure ametsak gero eta modu zehatzagoan eta errealistagoan irudikatzeko aukera izango dugu ziur asko.