Zuhaitzen eguna ospatuko dute Tolosan, ostiralean

XVI. ekitaldia izango da aurtengoa eta landare ekologikoak nahiz bonsaien artea izango dira amu nagusia. Bestela ere, mota guztietako zuhaitz eta zuhaixkak izango dira protagonista Triangulo plazan.


Oraindik ere loreak irekitzeko asteak falta diren arren, udaberri usaina gailenduko da ostiralean –hilak 5– Tolosan. Landare eta zuhaitz mota ugari ikusi eta erosteko ez ezik, haiei buruzko zehaztasunak galdetzeko ere egokia izaten da egun hau. Euskal Herri osotik etorriko dira nekazariak eta landarezaleak mota guztietako produktuekin. Goizeko 08:00etan hasiko dira postuak jartzen eta hantxe egongo dira 14:00ak arte.

XVI. ekitaldi honetan, bestalde, protagonismo berezia aitortuko zaie landare ekologikoei eta bonsaien arteari.
Produktu ekologikoak izugarrizko indarra hartzen ari dira azken boladan eta asko zabaldu dira, jendeak gero eta garrantzi handiagoa aitortzen baitio elikadura osasuntsuari. Zarauzko Blasenea mintegia arduratuko da fruitu txikiak –mugurdiak, ahabiak, masustak…– ematen dituzten zuhaixkak Tolosara eramateaz.

Bonsaien mundua gertuagotik ezagutzeko parada ere izango da. Japoniatik datorren artea da bonsaiena, zuhaitzak eta landareak tamaina oso txikian haztean datza, eta horretarako, teknika ezberdinak erabiltzen dira. Irun Bonsai haztegikoek beren produktuak aurkeztuko dituzte eta, saldu ez ezik, landare hauek hazteko eta zaintzeko gomendioak ere emango dituzte.