Zuberoako hotel zahar bat kultur gune bilakatu nahian dabiltza

Muskildiko antzinako hotel bat erabilera anitzeko kultur gune bilakatu nahi dute hainbat gazte zuberotarrek.

Horretarako Xistera Zaharra elkartea sortu dute. Helburua Muskildin kokaturik dagoen hotel zaharra artisten topaleku bihurtzea da. Proiektu honen abiapuntu moduan irailaren 4an egun osoko festa antolatu dute.

Izan ere, bada jada zenbait hilabete hamabost gazte zuberotarrek 700 metro karratu dituen hotela jo puntuan dutena. Euren helburua erabilera anitzeko kultur gune bilakatzea da, bertako zein beste lekuetako sortzaileen topaleku izan dadin, baita publikoaren eta artisten arteko elkarrekintzak sustatzeko ere. Helburu hauek aurrera ateratzeko Xistera Zaharra deitutako elkartea sortu dute eta bilkurak irekiak direnez, nahi duen oro batu ahalko da, ideia guztiak ongi etorriak izango baitira. 

Honela
, ekintzetara igaroko dira irailaren 4an festa baten bidez. Goizeko 10:00etatik eguerdira bitarte atelierrak egongo dira herrian. Maika Etxekoparreren antzerkiaz ere gozatu ahal izango da, baita Xan Alkhaten bertsoez ere. Caludine arhancete eta Iuteria Olivier Chimixek kantuan jarriko dituzte bertaratuko direnak. Aroztegi atelierra 17:00ak arte luzatuko da Pierre Betacheten eskutik. 

Eguerdian mokadutxo bat jateko aukera ere egongo da. Ordu horretan bertan irekiko da Pitxu, Eliane Eguiaphal, Anie Etchepare, Arnaud Araguaz eta Uztaroren erakusketa. 17.30ean berriz, Kabareta eta Topa Nokaren ikuskizuna gozatzeko aukera egongo da.

Gaua hurbildu ahala, beste mokadutxo bat jateko aukera egongo da 21:30ak inguruan eta, ondoren, Gaza mon amour filma ikusi ahal izango da bere egileekin batera. Azkenik, Zeze taldearen kontzertuak itxiko du festa
.