"Zr. Lehendakari" animaziozko saioa ezagutzen?

"Stop motion" teknika erabiliz Etzi.pm atariak formatu laburreko 30 atal eskegiko ditu bertan. Satira politikoa eta distopia uztartuko ditu.

Jada lehen atala ikusgai dago Etzi.pm atari digitalean. Bertan Iñigo Urkullu, "den bezalaxe" agertuko da, prentsaurreko garrantzitsu bat ematen. Bera izango da animazio saio honen protagonista. Adimen artifizialeko programa batek robot bat sortzen du 2048. urtean eta 2020ra bidaltzen du EAEko herritarrak modu eraginkorrean gobernatzeko. Eskainiko dituen prentsaurrekoak bereziak izango dira, lehendakari bezala hartzen dituen erabakiak herritarrei astero jakinaraziz. Astelehenero jakingo ditugu honela bere erabakiak Etzi.pm atarian. 

Aiert Goenaga arduratu da gidoiaz eta zuzendaritzaz, argazki eta edizioa Asier Rivera-rena da, eta soinu banda sortzen Keu Agirretxea aritu da. Ahotsak berriz Alan Smithee-ek jarri ditu. Goenagak adierazi duenez satira politikoa izango da batez ere animaziozko saioak jorratuko duen genero nagusia, beti ere planteamendu distopiko batetik. Honela, euskarazko "stop motion" saioa jaio da, bejondeiela!