Zornotza MusikaGaz Fest! jaialdia egingo dute larunbatean

Lehen edizioan bederatzi talde edo bakarlari gaztek hartuko dute parte.

Zornotzako Udalak ‘Zornotza MusikaGaz Fest! jaialdiaren lehen edizioa antolatu du larunbaterako, hilak 28, Musika Bulegoa, Gerediaga Elkartea eta Zornotzako Gazteen laguntzaz. Jaialdiaren helburu nagusiak euskarazko musika sortzaileek erakusleiho bat izatea, eta euren profesionalizazioa bultzatzea dira. 

Parte hartuko duten bederatzi talde edo bakarlariak euskarazko musika egiten dute. Lehenengo kontzertua Sweet Rage taldeak eskainiko du, 12:30etan, Urtza Tabernan. Jarraian, Goiatz Duttoren txanda izango da; Moonshine Wagon taldeko abeslariak bere bakarkako lana aurkeztuko du Sukoi tabernan, 13:30ean. Arratsaldeko lehen kontzertua Ilargirena izango da. Indie Pop doinu elektronikoz osatutako Beldurrarekin dantzan diskoa aurkeztuko du Zelaietako kontzertu gelan, 17:00etan. Geroxeago, 18:15ean, Bermeoko Etxekalte taldeak Nor da norbera diskoko abestiak joko ditu Amorebieta IV pilotalekuan, rock eta post rock doinuekin.

Olaia Inziartek, Zornotza Aretoko agertokian, Lehengo lepotikan burua diskoko kantuak abestuko ditu, 19:30ean. Ordu laurden geroago, Vintage tabernan, Deñe taldeak joko du.  Mugan taldeak Bizirik ez bagaude diskoko pop-folk doinuak zabalduko ditu Amorebieta IV pilotalekuan, 20:45ean. Bestetik, Julenek Zelaietako kontzertu gelan eskainiko du emanaldia, 22:00etatik aurrera, eta bere izen bereko diskoa joko du bertan. Azkenik, Xsakara taldeak Lurrikarak albumeko kantuak eskainiko ditu, 23:30ean, pilotalekuan.

Kontzertu guztiak doakoak izango dira.