Ziurrenik ikusi ez dituzun ezinbesteko 10 telesail
Egunero estreinatzen diren telesail zaparrada horren eraginez, eta batik bat plataforma digitalek erabiltzen dituzten ezkutuko algoritmoen erruz, oso erraza izaten da potentzialtasun handia duten ekoizpen ugari ahanzturan erortzea. Zer esanik ez ekoizpen horiek “estreinaldi” zein “telesail berri” etiketa soinean ez badaramate. Horregatik, ostrazismoan erori diren ezinbesteko telesail batzuk berreskuratu nahi nituzke, baita nahiko berriak izanda ere, merezitako protagonismoa eskaini ez zaienak.
‘Our Boys’
Non ikusi? HBO
Oso jende gutxik ikusi duen ezinbesteko telesaila. 2014an Gazan izandako indarkeriaren gorakadari buruzko telesail motza. 2014ko udan, Hamaseko kideek hiru nerabe judu bahitu eta hil zituzten. “Erantzun gisa” judu talde batek Muhammad Abu Khdeir 16 urteko palestinarra bahitu, hil eta erre egin zuten. Gertaeren kate honek gizartearen eta pertsona askoren bizitzak aldatu zituen. Hamar ataletan, Our boys-ek zehatz-mehatz kontatzen du nola gertatu ziren bahiketa eta hilketa, bilaketa lanak, ikerketa, gurasoen etsipena, atxiloketak eta epaiketa. Ekoizpenaren egileek, hiltzaileak hazi ziren familia, politika eta erlijio giroa aztertzen dute. Intriga ukituak dituen telesail aparta da, eta ñabardura batzuk salbu, irakurketa politiko eta sozial sakona eta egiaztatuan oinarritzen dena. Lehen atalak bereziki, geldotasunez kontatuak daude, urduritasun deseroso bat eragiteko, batetik, eta gertaerak ia literalki finkatzeko, bestetik. Hebreeraz eta arabieraz hitz egiten da, eta kontakizunak tentsio handia transmititzen du uneoro, betiere bi ikuspegitatik: intimoa, non trama biktimetan zentratzen den, eta soziala, non indarkeria, aurreiritziak eta arrazakeria jartzen dituen mahai gainean.
‘Ulven Kommer’
Non ikusi? Movistar +
Zeinen beharrezkoak diren 'Ulven Kommer' bezalako telesailak. Egiarekin dugun harremanari buruzko gogoeta sakona sortzen duen drama gordina. Istorioaren metxa, 14 urteko Holly-k klaseko idazlan batean etxeko indarkeria gertakari baten zantzuak islatzen dituenean piztuko da. Zuzendaritzaren eszenaratze zorrotzak eta ikuspegi intimistak giro triste eta kezkagarri bat eraikitzen laguntzen dute, non zalantza eta galderak beti presente dauden.
‘Efterforskningen’
Non ikusi? Movistar +
Borgen filmeko gidoilari baten eta bertako bi aktoreren (Pilou Asbaek eta Søren Malling) miniseriea. Benetako kasu batean oinarritua. Copenhage, 2017ko abuztua. Poliziak Kim Wall izeneko kazetari suediar baten desagerpenaren salaketa jaso du. Berari buruz dakigun azken gauza bertako jabea elkarrizketatzeko asmoz, itsaspeko batean igo zela. Handik ordu gutxira, itsaspekoa hondoratuta aurkitzen dute eta kapitaina erreskatatzea lortu. Ez dago ordea kazetariaren arrastorik, ezta froga erabakigarririk ere, eta adierazpenak oso kontraesankorrak dira. Hortik aurrera kasu misteriotsu horren ikerketaren xehetasunetan murgiltzeko aukera ematen du telesailak.
Ez pentsa ordea, akziozko thriller frenetiko bat ikusiko duzunik. Ikuspuntua edota sortzaileen intentzioa ez baita “errudunaren bila” formula erabiltzea, polizia-ikerketa neketsu eta korapilatsuan zentratzea baizik. Kasu sendo bat eraikitzeko frogak behar dituen fiskalaren, erantzun bila dabiltzan gurasoen eta titularren gose diren komunikabide presiopean aurrera egiten ari den ikerketa.
'Shtisel’
Non ikusi? Netflix
XXI. mendeko judutar ultraortodoxoen arau hertsietan ainguratutako pertsonaien aurpegirik intimoena islatzen duen telesaila da. Adierazi nahi dituzten sentimendu sakonenen borroka islatuz, beti ere komunitate judu honen arau komunitario zorrotzak betez. Jerusalemen bizi den familia baten abentura eta zorigaitzei buruz dihardu. Geula auzoan bizi dira zehazki, non bizimodua Mea Shearim hertsienean baino apur bat lasaiagoa den. Drama honek, eskutik heltzen gaitu hasieratik eta atariko behatxulotik Akiva Shtisel gaztearen eguneroko sufrimenduak ikusten uzten dizkigu, bere bizitzarekin zer egin argi ez dakien familia ultraortodoxo bateko kiderik gazteena. Unorthodox telesail arrakastatsuarekin alderatuz gero, komunitate honen ikuspegi zintzoago bat eskaintzen duela uste dut, aurreiritzirik gabekoa. Unorthodox-en ihesaren beharra aztertzen den bitartean, Israelgo telesail honetan apustu handiagoa egiten da komunitatearen egunerokotasuna erakustearen alde.
‘Losing Alice’
Non ikusi? Apple tv+
Metafikzioa, thriller psikologikoa eta drama erotikoaren arteko nahasketa den telesail israeldar honek transmititzen duen guztia hitzen bidez adieraztea zaila da oso. Uneoro arnasten dugun lurrin misteriotsua, eta batez ere, argazkia eta muntaiaren bidez hori nola islatua dagoen, Alfred Hitchcock edota David Lynch-ek ekarri dizkit burura, distantziak salbu noski. Alice Ginor 48 urteko zinema zuzendariak eta Sophie Marciano 24 urteko gidoilari gazteak tren batean topo egin ostean, Losing Alice telesailaren metxa piztuko da. Zergatik? Zuk deskubritu beharko duzu. Adin ertaineko emakume batek bere lanarekin -eta gizarte heteropatriarkalarekin noski- dituen frustrazioei buruzko telesail oso berezia iruditu zait, deskribaezina eta arrastoa uzten duen horietakoa. Metazinema erabiliz jeloskortasuna, errua eta zahartzearen beldurra bezalako gaiak aztertzen ditu telesailak. Emakumezko zinema zuzendariei eskainitako maitasun gutun txiki bat ere iruditu zait, zoritxarrez industrian oraindik oso ohikoa ez den postua.
‘Unbelievable’
Non ikusi? Netflix
Marie, bortxatu izana faltsuki salatzeaz akusatu duten nerabea, eta egiara iristeko bide bihurgunetsua egin zuten bi detektibeen benetako istorioa azaltzen duen telesail paregabea.Neska batek bortxatua izan ondoren aurre egin behar dion guztian sakontzen du. Ez bakarrik ondorio emozionaletan, kasu honetan lagunekin edo harrera-familiekin dituzten harremanetan islatuak, baita polizialetan ere, gizarteak gutxien ezagutzen duen alderdietako bat ziurrenik. Zenbat galdera erantzun behar ditu neska batek bortxatua izan dela jakinarazi ondoren? Zenbat gizonek beldurtu behar dute "egia esateagatik"? Kasua 2008koa da, Estatu Batuetan girotua, eta kronologikoki jarraitzen ditu gertaerak: Mariek bortxaketaren sufrimendua jasan izana, lehen gizonezkoen polizia-ikerketa, ondorengo neskaren aurkako etengabeko aurreiritziak eta guztia aldatuko duen bi emakumezko detektibeen etorrera.
Kutsu eta mami feminista duen drama kriminal paregabea da, edulkoratzailerik gabea, emakume detektibeen agerpenaren aldarrikapen isila eta errealitate gaixotu baten garrasi itoa ardatz dituena, hala nola neska gazteei gaizki ikertutako (edo zuzenean ikertu gabeko) bortxaketak. Sistemaren aurkako kritika telesail osoan txertatua dago. Dardara eragiten duen kritika da. Emakumeak bere ikuspegitik hartzen ditu -inolako eskarnio edo gehiegikeriarik egin gabe- eta gizonei, gizartea osatzen duten guztiei, interpelatzen die, beste aldera gehiago begiratu ez dezaten. Errealista, zuzena, gordina eta oso eraginkorra. Ikusi.
'Manhunt Unabomber’
Non ikusi? Netflix. Starz eta Rakuten TV
Telesail antologikoa da eta lehen denboraldi honetan Ted Kaczynsky serieko-hiltzailearen benetako kasuan oinarritua dago, bere harrapaketa horretan zentratua batik bat. Denboran saltoak eginez, ehiza hori maisuki kontatzeko trebezia erakutsi dute. Pertsonaiak eta estetika aztertzerako orduan, Zodiac-en ukituak topatuko dituzu, eta elkarrizketa bizi eta mamitsuetan Aaron Sorkin-en abilezia. Gustu ikaragarriz errodatua, bi protagonisten arteko interpretazio-duelu bikaina ikusteko aukera eskaini digute. Erreferentziak aipatzen hasita, saihestezina Mindhunter telesailarekin duen lotura nahiko zuzena. Kasu honetan, benetako magia, kamera Kaczynskiren atzetik doanean gertatzen da, baina ez bakarrik poliziarekin izandako topaketetan, bere eguneroko “arrunt” horren jarraipenean baizik. Hiltzaile baten alderik gizatiarrena erakusten saiatzen dira, gerora ikusle gisa zaplazteko galanta jasotzeko. Ez pentsa dena den akzioak gainezka egiten duen ekoizpen bat ikusiko duzunik, su motelean kozinatzen diren osagarriak jartzen baititu mahai gainean, elkarrizketa finekin lagunduta eta interpretazio bikainez hornitua.
'Quarry’
Non ikusi? HBO
'Olive Kitteridge’
Non ikusi? HBO
Elisabeth Stroute-n Pulitzer sarian oinarritua. 25 urteetan zehar, matematikako irakaslea den Olive Kitteridge-en bizitza kontatzen duen drama sakona da aukeratu dudan azken miniseriea. Istorioa, herriko institutuko matematika irakaslea den adin ertaineko emakume bat delarik hasten da, Henry farmazialariarekin ezkondua, biak, bere seme Christopherekin batera bizi direnean, eta bere zahartzaroraino iristen da. Ordubete baino gutxiagoko lau ataletan banatutako ekoizpenak modu kostunbristan erakusten digu emakume horren, haren familiaren eta auzokide batzuen bizitza. Generoa dramatikoa dela esango nuke argi eta garbi, bizitza arruntez diharduen arren, hemen aurkezten zaiguna askoz ere dramatikoagoa delako. Telesail honek duen umore eskasa beltza da, batez ere Kitteridge pertsonaia nagusiaren nortasunak eragiten duenean, bertutedun emakumea, baina lagunak egiteko jaio ez dena. Soiltasun horren azpian ordea, sentimenduen zurrunbilo etengabea topatuko duzu: emozioa, ironia, samurtasuna... Frances McDormand aktore bikainari esker iristen zaizkigu emozio-printza horiek, izan ere bere gizatasunak eta jenio biziak pantaila zeharkatzen baitute. Miniserie bikaina, paregabea, garratza, iluna, tristea eta suntsitzailea era berean. Depresioa, garun gaixotasuna eta batez ere tinko eta gupidagabe pasatzen den bizitzari buruzko ikerketa sakona eta latza. Bere oinarriaren itxura sinplearen muinean, maila ezezagunetan harrapatzeko gai den giza disekzio distiratsu eta garratza ezkutatzen baitu. Aktore guztiak maila zoragarrian daude, baina nabarmentzekoak nola ez, Frances McDormand, Bill Murray eta Richard Jenkins, erraldoiak. Urteen poderioz ahanzturan erori den beste maisulan bat iruditzen zait.
‘The Victim’
Non ikusi? Filmin
Lau ordu irauten dituen zirraren zurrunbilo batean murgilduko zara. Aipamen berezia aktoreen lanari eta elkarrizketek garraiatzen dituzten tentsio, misterio eta une dramatikoei. Nor da biktima oso gaizki funtzionatzen duen sistema baten barruan? Lau ataletan banaturiko drama xurgatzaile, gogor eta bikain honek, ume baten hilketaren inguruko kasu latz eta hunkigarri bat ardatz hartuta, Eskoziako sistema legalaren prozeduren inguruko ikuspuntu oso interesgarria eta mamitsua eskaintzen du. Eztabaidarako uneak sortzeaz gain, mahai-gainean, era ausartean kokatzen dituen hainbat gai polemiko ere jorratzen ditu. Edinburgh hirian kokaturiko thriller-dramatiko hau, Anna Dean-en irudian zentratzen da batik bat. Orain 15 urte hil zuten bederatzi urteko ume baten ama. Gakoa zein da? Ume hori, beste adin txikiko batek hil zuela, eta ondorioz urte gutxi batzuk erreformatorio moduko batean igaro ostean, gobernuaren babespean, nortasun berri batekin ekingo diola bizitzari. Urte horietan guztietan zehar, Annak hiltzailearen nortasuna eta kokalekua ezagutzeko gurutzadari ekingo dio. Annaren desesperazio horrek Craig Myers izeneko gizonezko baten aurrean kokatuko du. Bera da hiltzailea ala sare sozialen erruz gizarteak epaitu duen pertsona errugabea da? Zuk deskubrituko beharko duzu. Biktima izatea zer den, biktima izateak zer suposatzen duen eta biktima izatearen mugak non kokatzen ditugun azaltzen duen lan aparta. Nor da biktima oso gaizki funtzionatzen duen sistema baten barruan?
‘Sharp objects’
Non ikusi? HBO
Arazo psikologikoz beteriko kazetaria da Camille Preaker, eta jaioterrira bueltatuko da bi neska gazteren hilketen berri ematera. Hortik aurrera drama-psikologiko oso ilun bat ikusteko aukera izango duzu, misterioa argitzen saiatzearekin batera trama korapilatzen joango delarik. Ez galdu!