[ZIRT-ZART] SIMON MACIAS: “Bermut kopa baten tatuajea eginen nuke, amaren omenez"

Simon Macias (Atarrabia, 1995) Lehen Hezkuntzako irakaslea da eta baita eduki sortzailea ere. Abentura, kirola eta natura ditu gustuko, eta ekintzaile izatea du jomuga

Zein pertsonaia historikorekin identifikatzen duzu zure burua?
Antzinako filosofo ugarirekin, bizitza zertan datzan eta oreka bilatzen lagungarri zaizkidalako. Buruari galdera egokiak egiten laguntzen didate eta neure bizitzaren kalitatea hobetzen.
Zein dira zure heroiak bizitza errealean?
Pello Reparaz eta bere lantaldea zeharo miresten ditut, ekintzailetzagatik eta ideiek duten originaltasun, hausnarketa eta sakontasunagatik. Baita lortutako guztiagatik ere. Bestalde, neure inguruko pertsona asko datozkit burura, beren izaerari, babesari eta haiek beren bizitzak bizitzeko erari esker, nik neurea ere balioesten dudalako.

Zertaz damutzen zara gehien?
Urrats asko eman aurretik gehiegi pentsatzen denbora “galdu” izanaz. Ekintzailetza aldarri hartu dut orain.
Nola hil nahiko zenuke?
Neure buruarekin lasai.
Zein da zure lema?
Bizitza honetan presioa aguantatzen dakitenek eta ziurgabetasunarekin dantzan egiten dakitenek soilik biziraungo dute.
Zer hitz duzu kutunen?
“Zendu”, esanahiagatik eta duen mezu politagatik; une batean ‘den’ hura, ‘zen’ bihurtu da.
Zer hitz gustatzen zaizu gutxien?
Akaso ‘bortxa’. Hitz iluna dirudit esanahiaz haratago.
Zerk pizten zaitu sormen edo emozio aldetik?
Mugimenduak, musikak, naturak eta inguruneak. Abenturak bizitzera, emozioak sentitu eta bizitzera eramaten nauten elementuak dira.

Zer soinu edo zarata gustatzen zaizu gehien? Eta gorroto?
Edozein obra edo erreforma soinu gorroto dut, ezinegona sortzen baitidate. Oso gustuko dut goizeko txorien eta suaren sugarren soinua, guztiz lasaitzen naute, unearekin konektatu.
Zer beste lanbidetan aritzea gustatuko litzaizuke?
Psikologiaren munduarekin zerikusia duen edozer. Bestalde, jendearekin tratua izaten den lanbideetan ikusten dut nire burua, hezkuntza bere osotasunean dut gustuko.
Zein da zure superstiziorik irrazionalena?
Oinez nabilenean kaleko galtzadaharrien marra zapalduko dudan ala ez, horrek nire eguneko zortea kolokan jar dezake! Kar-kar-kar. Zer janari konbinazio bitxi duzu gustuko?
Denetik jaten dut, beraz, postrea lehenengo plateraren aurretik jatea!
Zer da apustu bat tarteko egindako tontakeriarik handiena?
10.000 jarraitzaile lortu nituela ospatzeko, lagun batekin 150 lagunentzako ihes-gela/ginkana bat sortzeko ez nintzela gai esan zidatenean. Azkenean kristoren jendetza animatu zen eta pila bat gozatu genuen!


Nolakoa litzateke zure egun perfektua?
Furgonetan naturan jaiki, kafea hartu musika entzunez, mendi tontor batera igo edota abenturatxoren bat bizi, garagardo bat partekatu, eta gauean izarrak bete-betean ikusi.
Nork dakizki zure sekretu gehien?
Neure buruak eta neure psikologoak. Baita furgonetan dudan koadernotxoak ere, bertan barrenak hustutzen ditut eta.
Zer ezaugarri izan behar ditu nahitaez zure lagun batek?
Nire ideiei bultzada ematen dioten pertsonak ditut gustuko, nire onura bilatzen dutenak eta gauzak argi esaten dizkidatenak.

Tatuaje bat egin beharko bazenu gaur, zer izango litzateke?
Martini kopa bat. Aitaren omenez ardo kopa bat egin nuen, berak upategi bat duelako, eta oraingoan, amaren omenez, bermut kopa bat eginen dut, oso zalea baita.
Zer gezur esan duzu, edo zer puztu, gustuko zenuen norbait txunditzeko?
“Lasai, ez zen horrenbesterako izan” edo halakoren bat, koldartasunetik ausardi plantak egitera pasatzeko, kar-kar
Fikziozko zer pertsonaia nahiko zenuke laguntzat?
Inside Out pelikulako emozioen munstroak ezagutu nahiko nituzke, nire egoera emozionala modu xehean ulertzeko!


Zer gairi buruz hitz egitea maite duzu?
Bizitzari buruz, pentsamendu eta ideiei buruz, gure emozio eta sentimenduei buruz bereziki. Jendearen erraiak ezagutu eta nireak partekatzea gustuko dut.
Zein da zure toki kutuna?
43° 02' 56" 1 / 1° 50' 34" M. Toki berezia da, ilunabar zein egunsenti asko bizi izan ditut bertan eta estimu handia diot.
Zein da zure ezkutalekua?
Furgoneta hartu eta errepideak naraman edozein toki. Kosta zein mendiartea, eguraldiaren arabera eta nire nahien arabera aukeratutako tokiren bat.
Familiako zein kiderekin duzu harremanik estuena?
Amarekin eta aitarekin. Harreman oso ezberdina dut bakoitzarekin, baina biekin dudan harremana beharrezkoa dut zeharo.