[ZIRT-ZART] MIKELE ARIZKORRETA: “Ez naiz batere ona erabakiak hartzen, baina nire senari edota bihozkadei jarraitzen diet”

Mikele Arizkorreta (Legazpi, 2000) aktorea eta erizaina da. Hori gutxi balitz, 'ABD-Bertsolaritzaren alfabetoa' bideopodcasta ere aurkezten du.

Zerk sortzen dizu poz handiena?
Nire ingurukoen ongizateak. Familia eta lagunekin denbora pasatzeak poz handia eragiten dit, balio handia ematen diot horri. Norbaitengandik entzun nahiko zenukeena?
“Ondo ari zara”. Erabaki asko hartu behar izaten ditut eta askotan ez dakigu bide onena zein den. Esaldi hori entzuten dudan bakoitzean, zerbait baretu egiten da nire barruan.
Zure bizitzako egun bat berriz bizi ahalko bazenu, zein?
Aitona-amonekin egun bat. Duela bi urte pasatxo joan zen aitona, eta miresten nuen bihotz oneko gizona zen. Amona ere gaixo dago, alzheimerra dauka, beraz, ez da lehengo gauza bera. Denbora asko eman dut aitona-amonekin, haiekin hazi eta hezi naizela ere esango nuke, eta haien falta dut.
Zein da zure superstiziorik irrazionalena?
23 zenbakia berezia da niretzat. Klaseko lagun on batek eta biok The Number 23 (23 zenbakia) pelikula deskubritu genuenetik, 23arekin hasi ginen bueltaka. Toki askotan ikusten genuen zenbakia, eta denbora aurrera joan ahala, nire inguruko zenbait gauzek 23 zenbakira lotzen nautela deskubritu dut. Beraz, madarikatua dagoela esaten nuen arren, berezi bilakatu da niretzat.

Tatuaje bat egin beharko bazenu gaur, zer izango litzateke?
Zer ez dakit esaten, baina ahizparekin bat egingo nuke.
Nola hartzen dituzu erabaki zailak?
Ez naiz batere ona erabakiak hartzen, eta etengabe hartu behar izaten ditut, baina nire senari edota bihozkadei jarraitzen diet. Hori bai, erabakiak, ahal dela, momentu lasai batean hartu behar dira, adibidez yoga klase baten ondoren.
Norbaitengatik egin duzun ekintzarik onena?
Urtean gutxienez bi aldiz, 2741 kilometroko distantziara dagoen herrialde bat bisitatu. Maitasunagatik.
Noren aholkua hartzen duzu kontuan?
Maite dudan jendearen aholkua hartzen dut kontuan, ondoen ezagutzen nauen jendea delako, eta miresten ditudan pertsonak direlako. Hala ere, esan bezala, aholkuak dira, ondoren erabakia neuk hartzen dut.
Deskribatu zure bizitza bost hitzetan.
Maitasuna, lanpetuta, kirola, ikasketa, eta osasuna.
Jabetzan duzun zer gauza bota beharko zenuke?
Nire gurasoen etxeko nire gelako zenbait gauza. Kosta egiten zait gauzak botatzea, baina egin behar den zerbait da.
Zer beste lanbidetan aritzea gustatuko litzaizuke?
Bi lanbide ditut eta nahikoa dela esango nuke. Baina aktore eta erizaina izateaz gain, inoiz imajinatu dut neure burua irakasle zein herriko komertzioko dendari lanetan.
Zer eskatu ohi duzu etxetik kanpo otordua egindakoan?
Normalean oilaskoa duen zeozer, izan plater konbinatua edo hanburgesa.
Dena dakien izaki bati galdera bat egin ahal izango bazenio, zer galdetuko zenioke?
Ea zerbait badagoen heriotza eta gero. Heriotzarekin lotura estua daukat gaur egun, zainketa aringarrietako unitatean erizain lanetan aritzen naiz, eta heriotza oso presente egoten da nire bizitzan. Nahiz eta halakorik ez egiten saiatu, tarteka buruari bueltaka aritzen naiz.
Diru trabarik ez balitz, zer egingo zenuke gustura?
Utopiari begira, munduari bizi baldintza duinak eman nahiko nizkioke, berdintasun bat eraiki. Gaur egungo nire bizitza pertsonalari begira, bidaiatu egin nahiko nuke, kultura ezberdinak ezagutu.
Zer helburu duzu etorkizun hurbilerako?
Ez daukat helburu zehatzik, lasaitasunean bizi nahi dut, nire gertukoekin egon, haiekin gozatu, eta nire ametsak lortzeko ilusioari eutsi. Zein ohitura jaso duzu gurasoengandik?
Etxeko atea giltzekin bi bueltaz ixtea.

Fikziozko zer pertsonaia nahiko zenuke laguntzat?
Katniss Everdeen, Rue, Pippi Kaltzaluze, Hermione Granger…
Zein da mugikorrean gehien erabiltzen duzun aplikazioa?
WhatsApp-a.

Zer talentu izatea gustatuko litzaizuke?
Elastikotasuna edota akrobaziak egiten jakitea.
Zer ezaugarri izan behar ditu nahitaez zure lagun batek?
Pertsona ona izan behar du, enpatiaz eta errespetuz jokatzen duena.
Zer soinu edo zarata gustatzen zaizu gehien?
Azkenaldian itsasoa entzutea gustatzen zait.
Zein da zure lema?
“Gauzak zerbaitengatik gertatzen dira”.
Zer hitz edo esaldi erabiltzen duzu behar baino gehiagotan?
“Ezin dut, orain beste gauza bat gestionatzen ari naiz”. Horregatik, maite dudanekin denbora pasatzeari garrantzi handia ematen diot, askotan, lanagatik, haiekiko arreta alde batera utzi behar izaten dudalako.