ZIRT-ZART: Marina Landa
“NIRE BIZITZA BOST HITZETAN: ABESTIAK, MUGAK GAINDITZEA, BEGIRUNEA, GARRAIO PUBLIKOA ETA ESTRESA”
Euskal Herriko pop musikari buruzko doktoretza-tesian buru belarri aritu da Marina Landa (Donostia, 1993) azken urteetan. Orain, Aria taldearekin 'Urdin' diskoa kaleratu du, eta galdera bihurri hauek erantzuteko tartea ere hartu du.
- Sekula egin ez dizuten zein galdera egitea gustatuko litzaizuke?
“Zergatik ez duzu lehenago publikatu zure diskorik?". Atzean dagoen azalpena ematea garrantzitsua litzateke niretzat. - ‘Clickbait’ egiteko zein titularren protagonista izatea gustatuko litzaizuke?
Ez ditut titular sentsazionalistak gustuko, baina, izatekotan, “euskuore” pixka bat saltzen duen batean; abeslari famatu batekin nabilela, adibidez. - Gustatzen zaizun, baina gustatzen zaizula sekula aitortuko ez zenukeen artista?
Alejandro Sanz. Nire balioen kontrako kanta asko izan arren, batzuk txikitatik buruz dakizkit eta noizbehinka entzutea gustuko dut! - Zein platera kozinatu ahalko zenuke momentu honetan hozkailuan duzunarekin?
Izozkailuak ez du balio, ezta? Orduan, tortilla edo entsalada. - Zure hurrengo diskoak Whatsappeko zure azken mezuaren izenburua izango balu, zer izen izango luke?
"Oraindik ez da berria iritsi ". - Zer abestik ematen dizu nazka?
"Tu fuiste mala, que te recojan con pala” (gaiztoa izan zinen, pala batekin jaso zaitzatela) esaten duena. Izugarri haserretzen naiz norbaitek abesten duenean. - Zer abesti aukeratuko zenuke zure hiletarako?
Simon & Garfunkel-en The sound of silence. Nire gurasoen ezkontzako bideoko kanta da eta beti izan da berezia niretzat. Hala ere, asko gustatuko litzaidake nire ingurukoek Hotza izeneko nire kanta abestea. - Zer birao duzu gustukoen?
Ia guztiak. "Hostia" eta "joder" gehiegi erabiltzen ditut… - Interneten zuri buruzko gauzen bila aritu izan al zara?
Bai, behin baino gehiagotan, eta horri esker deskubritu nuen nire izen bereko konpositore errusiar bat dagoela, 1960an jaioa! - Zerurik izango balitz, Jainkoak zer esatea gustatuko litzaizuke sarrerara iristean?
"Ondo egin duzu, baina ez zenuen nik esateko beharrik". - Zertan lan egin izan duzu?
Komunikazio arduradun, kultur kudeatzaile, museo bateko azafata, ikertzaile, erredaktore, gida turistiko, community manager... - Zure ezaugarriren bat aldatu ahalko bazenu, zer aldatuko zenuke?
Zalantzarik gabe, gehiegi pentsatzeko joera. Gutxiago pentsatu nahiko nuke, burua askatu eta ekin, beldur gutxiagorekin. - Zer da besteengan gehien gorroto duzuna?
Begirune eza, edozer esateko eskubidea dutela sentitzea, autokritikarik egin gabe besteak epaitzea, komunitate batekiko edozein fobia... Ufa, gauza dezente. - Zer bertute balioesten da behar baino gehiago?
Zintzotasuna, egia esanda. Egia esaten jakin behar da: noiz, nola, nork, nori... Egia ezin da guztiaren gainetik egon. - Zer hitz duzu kutunen?
Azkenaldian "aria", gure taldearen izena. Nire mantra bezalakoa da. - Zein da deskargatu duzun azken app-a?
Wallapop. Gitarra bat eta bi telebista ditut salgai, norbaitek interesa baldin badu... - Fikziozko zer pertsonaia nahiko zenuke laguntzat?
Chandler Bing. - Zer pentsatuko luke zure bertsio gazteagoak zutaz?
Ez naizela nahikoa errebelde, baina bizitzan ahal dudana egiten ari naizela. - Deskribatu zure bizitza bost hitzetan.
Abestiak, mugak gainditzea, begirunea, garraio publikoa eta estresa. - Esan eta berehala damutu zaren esaldia?
"Lasai, nik egingo dut!". Ez, onartu behar dut ezin dudala nik guztia egin. - Zer hitz edo esaldi erabiltzen duzu behar baino gehiagotan?
"Ai ene!!!". - Zer hitz gustatzen zaizu gutxien?
“Gorotz", adibidez.