[ZIRT-ZART] KATTALIN ARIZMENDI: "Hegan egitea gustatuko litzaidake, nahi dudan tokira joateko"

Kattalin Arizmendik (Elizondo, 2003) Baztango ondarea, mintzoa eta paisaia biltzen dituen ‘Begiek zer, izanak erran’ haurrentzako liburu ilustratua kaleratu du Joanes Altxu ilustratzailearekin batera.

Zer abestik gogorarazten dizu zure haurtzaroa?
Pirritx eta Porrotxen Zeinen Politak Garen kantuak. Pirritx eta Porrotxen disko gehienek.
Zer momentutan sentitu izan zara zoriontsuen?
Familiako bazkari eta afarietan sentitu izan naiz beti arras zoriontsu. Horrez gain, kontzertuak ikustera edota mendira joaten naizenean eta, nola ez, nire auzoko jaietan.
Nori bidali diozu azken mezua?
Amari bidali diot, beti bezala: "Laster ailegatuko naiz".
Beti gomendatzen duzun telesaila edo pelikula?
Osorik ikusi dudan azken telesailetako bat La Mesias izan da eta asko gustatu zait.

Fenomeno paranormal edo azaldu ezinen bat bizi izan duzu?
Ez dut fenomeno paranormaletan sinesten, uste dut gizakion burukominak konpontzeko asmatzen ditugula.
Norekin geldituko zinateke igogailu batean irten ezinik?
Nire txakur Mirurekin, pertsona batekin geldituz gero, gehiago urdurituko nintzatekeelako.
Zer litxarkeria duzu gogokoen?
Txikia nintzenean “giltza” deituriko goxoki batzuk jan nituen, eta hurrengo egunean esku eta ezpain puztuekin iratzarri nintzen. Ondorioz, betikoak bakarrik jan ohi ditut: erregaliz gorriak eta marrubiak.
Kozinatzeko edo jateko gehien gustatzen zaizun janaria?
Kozinatzeko gehien maite dudana patata-tortilla da, eta xolomo plater konbinatua jateko.

Zer da egin duzun erokeriarik handiena?
Egia erran, ez dut erokeria handirik egiten, beraz, sanferminetan lan egitea erranen dut.
Zer ezaugarriri ematen diozu balioa pertsona batengan?
Musikari, arteari, ematen dion garrantzia. Pertsonak zaintzeko duen jarrera ere bai.
Zer hitz edo esaldi erabiltzen duzu behar baino gehiagotan?
"Pues" edo "enplan", erdarakada zikinak.
Nor da zure idazlerik gogokoena?
Eider Rodriguez, gainera irakasle izana dut. Sekulako erreferentea da niretzat.
Etxeak su hartuko balu, zer objektu salbatuko zenuke ahal izanez gero?
Osabaren margolanen bat eta nire gitarra.

Hil eta berriz itzuli ahalko bazina, zer edo nor aukeratuko zenuke?
Amatxiren etxeko gereziondoa izango nintzateke. Batzuetan gereziak eman, besteetan ez... Gainera, familiaren garapena ere hurbiletik ikusiko nuke, baina ardura askorik gabe.
Zein da zure lema?
Bakoitza izan dadila nahi duen modukoa, sortu eta eraiki dezala bere bizitza nahi duen moduan, eta utz dezala ondokoa bakean. Zerk pizten zaitu sormen edo emozio aldetik?
Sortzaileen lanak ikusi edo entzuteak, izan dantzari, musikari, idazle...
Zer soinu edo zarata gorroto duzu?
Errepidea zulatzean egiten den soinua. Ikasturtean zehar Donostiako alde zaharrean bizi nintzen eta kaleko makina horren soinua zenbat gorrotatzen nuen oroitzen dut.
Zer talentu izatea gustatuko litzaizuke?
Hegan egitea gustatuko litzaidake, nahi dudan tokira joateko. Gainera, kutsatu gabe.
Nork dakizki zure sekretu gehien?
Txakurrak, eta horren ondotik nire lagunek.
Nolakoa litzateke egun perfektua zuretzat?
Mendi itzuli baten ondotik, Bereko Bentara bazkaltzera joatea, eta errekan pasatako arratsalde lasai baten ondoren, lagun guztiekin afaltzea.

Non bizitzea gustatuko litzaizuke?
Baztanen, nire bizitza osoa hemen dudalako, eta toki ederra eta txikia delako. Gaur egun dagoen turistifikazio eta etxe hutsekin ez dakit nola eginen dudan. Hala ere, bertze toki batean bizitzeko prest nago.
Tatuaje bat egin beharko bazenu gaur, zer izango litzateke?
Mendiko lore txiki bat eginen nuke bizkarrean.
Fikziozko zer pertsonaia nahiko zenuke laguntzat?
Pipi Kaltzaluze. Ahalduntzeko eta bihurrikeriak egiteko onena delako.
Zer gairi buruz hitz egitea maite duzu?
Herriko gertakizunez eta bakoitzaren beldur eta gogoez hitz egiten dugu lagunek normalki. Gai sakonak eta arinak tartekatzea ere gustuko dut, intentsitatea batzuetan jaitsi egin behar baita!
Zer ohitura jaso duzu gurasoengandik?
Euskara, eta herrian bizi eta hura eraikitzeko beharra. Bestetik, uste dut sortzeko eta bertze sortzaileak miresteko ohitura edo begirunea ere haiengandik jaso dudala. Gainera, osaba Kepa margolaria zen eta beharbada hark eta haren margolanek ere izan dute eragina.
Norbaitengandik entzun nahiko zenukeena?
Aroztegiko zazpi auzipetuen absoluzioa lortu dela eta ez dela “pelotazo” urbanistikorik eginen Baztanen.