[ZIRT-ZART] IRATXE ETXEANDIA: “Hobe da egindakoengatik damutzea, ez egindakoengatik baino”

Argazkilari aparta izateaz gain, Alargun Beltzak taldeko kidea ere bada Iratxe Etxeandia (Zornotza, 1994). Sormena eta sentimendua borborka dituela nabaritzen zaio.

Zer amets zenuen haurra zinenean?
Uretako izaki bat izatea.
Nola irudikatzen duzu zure burua hemendik hogei urtera?
Maite dudana egiten, argazkilaritza eta musika, eta maite ditudanekin bizitza partekatzen.
Zer presta dezakezu oraintxe bertan hozkailuan daukazunarekin?
Gisatu begetala.
Zer kanturen bertsioa egin nahiko zenuke?
Maixa ta Ixiarren Eguna jaio arte.
Nori bidali diozu azken mezua?
Bidali ditudan azken 8-10 mezuak maitasun ikonoak dira: ✨.
Zerk ematen dizu beldurra?
Maite dudan norbait sufritzen ikusi eta ezer egin ezin izateak.
Nolakoa izan da zure bizitzako uda?
Oraindik heltzear dagoela esango nuke. Dena den, nire udan nahiko lan tokatzen da eta gaur egun egiten ditudan lanak ezin gusturago egiten ditudan arren, ez dut “nire bizitzako uda” lanez lepo imajinatzen, kar-kar-kar.
Zein da zure denbora-pasarik kutunena?
Momentu honetan, zeramika eta akroyoga.

Zer abesti aukeratuko zenuke zure hiletarako?
Leizeak taldearen Aurresku kanta, nire ahizpak kantatuta.
Zer garaitara ez zinateke berriro itzuliko?
Nerabezarora. Ez zen oso garai ona izan, eta esango nuke ez naizela bakarra…
Etxeak su hartuz gero, zer objektu salbatuko zenuke?
Krisi bat izango nuke; guztiarekin edo ezer gabe geratuko nintzateke. Atxikimendu handiko pertsona naiz eta objektuak momentu eta pertsonekin lotzen ditut. Uste dut nahikoa lan edukiko nukeela nire burua salbatzen, kar-kar-kar.
Etxeko konponketetan edo bestelako lanetan abila al zara?
Abila naizela baino, moldatzen naizela esango nuke, modu batean edo bestean. Hobe txarto egina, ez egina baino, ezta? Ala alderantziz da? Kar-kar-kar.
Zer ezaugarri balioesten da behar baino gehiago?
Azalaren kolorea.
Noiz esaten duzu gezurra?
Norbaiti sorpresa bat eman nahi diodanean. Horretan ez naiz batere abila! Kar-kar-kar.
Zer hitz edo esaldi erabiltzen duzu behar baino gehiagotan?
“Parkatu”.
Zer edo nor da zure bizitzan maitasunik handiena?
Ama.
Zer talentu izatea gustatuko litzaizuke?
Marrazketan ona izatea.
Zein izan da zure lorpenik handiena?
Nire buruarekin bakean egotea (gehienetan).

Zer pertsonaia historikorekin identifikatzen duzu zure burua?
Liburuetan agertzen ez direnekin.
Zein da zure lema edo leloa?
"Hobe da egindako zerbaitengatik damutzea, ez egindakoengatik damutzea baino".
Zerk pizten zaitu sormen edo emozio aldetik?
Naturak, musikak, maitasunak…
Zer soinu edo zarata gustatzen zaizu gehien?
Azkenaldian, gure eraikineko patioan iluntzean entzuten den enaren soinua.
Zer ezaugarri izan behar du nahitaez zure lagun batek?
Pazientzia.
Zein da zure ezkutalekua?
Kontatuko banizue, ez litzateke ezkutua izango, kar-kar-kar.
Beti gomendatzen duzun liburua, telesaila edo pelikula?
Azken urteotan, Fantastic Fungi. Naturari buruzko dokumentalak izugarri maite ditut.