[ZIRT-ZART] CRIS ZULOAGA: “Konfort-zonatik atera eta nahi dudana lortzeko lehenengo pausoak eman ditut”

Cris Zuloaga (Donostia, 2002) musikaren munduan urratsak ematen hasi da. Sareetan ez ezik, 'La Voz' saioan ere aritu da kantuan. Bere ametsaren alde borroka egiteko gogotsu dago.

Nola deskribatuko zenuke zure burua hiru hitzetan?
Beldurtia, langilea eta pertsona ona.
Zer pentsatuko luke zure bertsio gazteagoak zutaz?
Ez luke orain gertatzen ari zaion guztia sinetsiko.
Norekin abestuko zenuke gustura?
Billie Eilishekin. LOR, Olatz Salvador edo Marenekin abestea ere izugarria izango litzateke.


Norbaitengandik entzun nahiko zenukeena?
Oso polita izango zatekeen nire amonaren ahotik “zutaz harro nago” entzutea.
Zein da zure oroitzapenik kutunena?
Irati lagun-minarekin eta gure familiekin umetan egiten genituen bidaiak.
Nola hartzen dituzu erabaki zailak?
Asko pentsatzen dut, baina erabaki horien ondoren datozen emaitza politetan pentsatzeak laguntzen nau.
Zein da maite duzun aipua?
“Ez zaio inori axola”. Lotsa edo beldurragatik egiten ez ditugun gauzen aurrean hori gogoratu eta garrantzia kentzen diot.
Zein da zure fikziozko heroia?
Catwoman. Txikitatik asko gustatzen zait, emakume gogorra da.


Zein da zure ogitarteko gustukoena?
Tipula eta perretxikoak zartagian frijitu, tortilla frantsesa egin, eta ogiari olio pixka bat bota. Izugarri ona dago.
Dena dakien izaki bati galdera bat egin ahal izango bazenio, zer galdetuko zenioke?
“¿Maitatzeaz nekatzen al gara noizbait?”. Erantzuna ezezkoa izatea esperoko nuke.
Dirua traba ez balitz, zer egingo zenuke?
Etxe erraldoi bat erosiko nuke, hiriko jendetzatik urrun. Munduko musika instrumentu guztiak erosiko nituzke, eta irakasle baten laguntzaz, bakoitza jotzen ikasten saiatuko nintzateke. Estudio bat sortu eta nire grabaketak egiten hasiko nintzateke. Gainera, etxea handia izango litzatekeenez, bertan kontzertuak emateko aukera izango nuke.
Zein da inoiz egin duzun otordurik onena?
Nire kuadrillarekin egindako bidaietako otordu luzeak, elkarrizketa askorekin. Baita etxeko edozein larunbatetakoa ere; nire aitak izugarri ondo kozinatzen du eta familia osoa batzen gara.
Zer helburu duzu etorkizun hurbilerako?
Musikarekin jarraitzea. Behingoz hasi naiz mundu honetan eta ez naiz orain geldituko.
Zer ohitura jaso duzu gurasoengandik?
Besteen sentimenduak kontuan izatearen garrantzia.
Bizitza osoan entzuteko kantu bat aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?
Bat aukeratzekotan, La Llorona. Klasiko bat da, oso polita eta emozio handikoa.


Tatuaje bat egin beharko bazenu gaur, zer izango litzateke?
Tatuatzailea den lagun batekin hitz egin dut eskailera batzuen silueta egitea gustatuko litzaidakeelako. Edo zeruko izar bat. Dena den, ez naiz oso tatuaje zalea.
Nork dakizki zure sekretu gehien?
Nik neuk. Ez ditut sekretu asko. Eta ditudanean ez ditut kontatzen.
Zer janari konbinazio bitxi duzu gustuko?
Gorgonzolarekin, gazta urdinarekin, eta udarearekin egindako pizza. Italian oso famatua dela esango nuke.
Zer lanbidetan ez zinateke arituko?
Matematikekin zerikusia duen zerbaitetan, oso txarra izango nintzateke.
Zer soinu edo zarata gustatzen zaizu gehien?
Itsasoko olatuen soinua asko gustatzen zait.
Zer hitz duzu kutunen?
“Sol”. Nire amonak txikitan hala deitzen zidan eta.
Nor edo zer da ikusitakoan irribarrea sorrarazten dizuna?
Nire familia eta lagunak, edo munduko edozein animalia. Maite ditudan pertsonak ikusteak poztasunez betetzen nau.


Zein da zure filmik gogokoena?
Dead Poets Society eta Good Will Hunting.
Zein izan da zure lorpenik handiena?
Konfort-zonatik ateratzea eta nahi ditudan gauzak lortzeko lehenengo pausoak ematea.
Pertsona baten zer ezaugarri gustatzen zaizu gehien?
Umoretsua izatea eta, batez ere, pertsona ona. Baita musika gustatzea ere.
Zein da norbaitengatik egin duzun ekintzarik onena?
Egin nahi nuen zerbait alde batera utzi, gaizki ez egon arren, banekielako maite nuen norbait mindu nezakeela.