[ZIRT-ZART] ANEPE ACEDO: “Ez nintzateke batxilergo garaira itzuliko, oso gaizki pasa nuen eta”

Anepe Acedo (Elorrio, 1998) dantzaria, koreografoa eta dantza irakaslea da. Orain 'Kataske' izeneko ikus-entzunezko proiektuarekin dabil

Zer momentutan -non, noiz eta nola- sentitu izan zara zoriontsuen?
Eszenatoki gainean, beti.
Zer prestatu ahalko zenuke oraintxe bertan hozkailuan daukazunarekin?
Atunezko tartar bat.
Zein da jaitsi duzun azken aplikazioa?
Makusi.
Zer abestik gogorarazten dizu zure haurtzaroa?
ETB3ko marrazki bizidunen edozein intro-k: One Piece, Shin Chan, Doremiren magia
Nori bidali diozu azken mezua? Eta zer mezu izan da?
Hobe Dantz-eko nire ikasleei, dantza lehiaketarako animoak emateko.
Beti gomendatzen duzun telesaila edo pelikula? Zergatik?
Paquita Salas. Umorez, ondo islatzen dituelako artiston industria barruko pasarteak.

Zein da ezagutu duzun pertsona ezagunen artean gehien gustatu zaizuna?
Anne Igartiburu. Harekin lan egin nuen eta oso herrikoia, jatorra eta irekia iruditu zitzaidan.
Zein da zure beldurrik handiena?
Maite ditudan pertsonak osasuntsu ez egotea. Hil egiten direla amesten dut askotan, eta oso-oso txarto pasatzen dut.
Nora ez zinateke berriro itzuliko? Zergatik?
Batxilergo garaira. Oso gaizki pasatu nuen.
Zer janari jaten duzu estresaturik edo goibel zaudenean?
Gazta eta Choco Krispies-ak esnearekin.
Etxeak su hartuz gero, zer objektu salbatuko zenuke?
Argazki albumak.
Zer bertute balioesten da behar baino gehiago?
Zintzoa edo egiatia zarela esan eta edozein momentutan min emateko aitzakia bihurtzea.
Miresten duzun norbaiti argazkirik edo autograforik eskatu al diozu?
Bai, Fama a bailar saioko Vicky Gomez dantzariari.

Pertsona baten zer ezaugarri gustatzen zaizu gehien?
Naturaltasuna, pertsonalitatea edukitzea eta berezia egiten duen hori.
Zer talentu izatea gustatuko litzaizuke?
Ondo abesten jakitea.
Hil eta berriz itzuli ahalko bazina -pertsona, animalia edo gauza izanik- zer edo nor aukeratuko zenuke?
Katu edo tigre bat.
Non bizitzea gustatuko litzaizuke?Zergatik?
Tenperatura goxoa duen kostako herritxo batean.
Zein da zure denbora-pasarik kutunena?
Etxean lasai, musika ipinita, zeramika egitea.
Zein da zure lema?
“Zergatik ez?”.
Zer soinu edo zarata gorroto duzu?
Motor edo kotxe zarata handia.
Zein da zure superstiziorik irrazionalena?
Ez daukat.
Nolakoa litzateke zure egun perfektua?
Goizean lasai esnatu, kalean brunch-a jan eguzkitan eta itsasora begira, dantza pixka bat egin, bazkaldu, lo-kuluxka egin, arratsaldean zeramika pixka bat, zerbait goxoa prestatu afaltzeko eta pelikularen bat ikusi.
Fikziozko zer pertsonaia nahiko zenuke laguntzat?
Doraemon.
Nola deskribatuko zenuke zure burua hiru hitzetan?
Zorrotza, alaia eta jatorra esango nuke, kar-kar-kar.
Zein da animaliarik beldurgarriena?
Itsas sugea.
Dena dakien izaki bati galdera bat egin ahal izango bazenio, zer galdetuko zenioke?
“Hil eta gero zerbait dago?”.
Zer artistari egin nahiko zenioke koreografia bat?
Mundu mailakoa, Katseyeri, eta Euskal Herrikoa, Maruxak taldeari.