[ZIRT-ZART] AITZIBER IRATZOKI: “Ezinbestekoa da lagunak ez epaitzea, epaiketak dena usteltzen baitu”

Aitziber Iratzoki (Lesaka, 1999) irakaslea eta psikologoa da. Ziur asko bere bideoak ikusi dituzue Instagramen zein TikToken 'Psikolokaa' izeneko kontuan, tartean umorea eta hausnarketa interesgarriak direla.

Zerk sortzen dizu poz handiena?
Etxera ailegatu eta Ikatz, nire txakurra, poz-pozik nire esperoan egoteak.
Norbaitengandik entzun nahiko zenukeena?
Gauzak ongi egiten ari naizela, bide zuzenetik noala, orain arte bizitako guztia etorkizun batean lagungarria izango dela... Batzuetan iparra galtzen dudala sentitzen dut eta horrelako esaldiek norabidea aurkitzen laguntzen didate.
Zein da zure ogitarteko gustukoena?
Solomoa gaztarekin, beti.
Zure bizitzako egun bat berriz bizi ahalko bazenu, zein?
Kanadara iritsi nintzen eguna. 16 urte nituen, eta egun gogorra bezain berezia izan zen. Oraindik gogoratzen ditut hain arrotza egiten zitzaidan etxean eman nituen lehenengo orduak, bakarrik, hizkuntza ondo jakin gabe eta gerora familia bihurtuko ziren pertsona ezezagunez inguraturik.
Hil aurretik egitea gustatuko litzaizukeen zerbait?
Ez dut inoiz horretan pentsatu. Nahiago dut momentua bizi, ahalik eta gehien gozatu. Hil aurretik zoriontsu izan nahi dut.
Zein da mugikorrean gehien erabiltzen duzun aplikazioa?
Instagram-a, ia egunero edukia sortzen dudalako. Whatsapp-a ere nahi baino gehiago.

Jabetzan duzun zer gauza bota beharko zenuke?
Geroz eta arropa gutxiago erosten dut, ez daukat askorik, baina beti bada erabiltzen ez dugun eta armairuan dagoen zerbait.
Dena dakien izaki bati galdera bat egin ahal izango bazenio, zer galdetuko zenioke?
“Noiz arte existituko dira gizakiak Lurrean? Noiz bukatuko da gure bizitza?”.
Iraganeko zeure buruari zerbait esan ahal izango bazenio, zer esango zenioke?
“Egon zaitez lasai, dena ongi joanen da. Neska ederra bihurtuko zara, barrutik zein kanpotik. Segi bide horretatik, eta behar denean eskatu laguntza, ez gorde ezinegon hori barruan”.
Nola deskribatuko zenuke zure burua hiru hitzetan?
Pentsakorra, hagitz sentibera eta umoretsua.
Zein da zure denbora pasarik kutunena?
Irakurtzea aunitz gustatzen zait. Mandalak margotzea, paseatzera ateratzea...
Zein ohitura jaso duzu gurasoengandik?
Amarengandik bereziki, ondokoak zaintzearen garrantzia.
Zer gairi buruz hitz egitea maite duzu?
Psikologia, harremanak, hezkuntza, feminismoa… Gai sakonak eta batzuentzat astunak izan daitezkeenak gustatzen zaizkit, eztabaida sortzen dutenak hain zuzen ere.
Aurten gertatuko den zeren zain zaude?
Irratian kolaboratzaile gisa hasiko naiz lehen aldiz, eta lan proiektu berri batean murgilduko naiz. Gogoz hasiko dut etapa berri hau, eta baita urduri ere.

Zer ezaugarri izan behar ditu nahitaez zure lagun batek?
Niretzat ezinbestekoa da lagunak ez epaitzea. Ondoan egotea eta behar denean aholkuak ematea, laguntzea, haiekin momentuak partekatzea, inolako epaiketarik gabe. Epaiketak dena usteltzen baitu.
Nork dakizki zure sekretu gehien?
Erranen nuke nire ahizpa dela nitaz gehien dakiena. Momentu aunitz bizi izan ditugu elkarrekin. Berarekin nagoenean ni neu izaten ahal naiz, filtrorik gabe.
Zein da zure superstiziorik irrazionalena?
Ez dut superstizioetan sinesten. Nahiko garun logiko eta arrazionala daukat.
Zer beste lanbidetan aritzea gustatuko litzaizuke?
Musikak beti izan du garrantzia nire bizitzan. Beraz, hari lotutako lanbideren batean aritzea ongi legoke.
Zer soinu edo zarata gustatzen zaizu gehien?
Euriaren soinua aunitz maite dut.
Zer hitz gustatzen zaizu gutxien?
'Kirats' hitza ez zait inoiz gustatu.
Non bizitzea gustatuko litzaizuke?
Nafarroan gustura nago. Txoko hagitz politak ditu eta hemen dago behar dudan guztia.
Etxeak su hartuz gero, zer objektu salbatuko zenuke?
Nire teklatua. Txikitan erositako instrumentua da, laster 20 urte beteko ditu. Harekin ibili naiz erromeria taldean, hainbat kontzertutan... istorio aunitz gordetzen ditu.
Norekin geldituko zinateke igogailu batean irten ezinik?
Ahal bada, bakarrik. Bestela, nire ahizparekin.
Puntuala zara ala beti berandu iristen den horietakoa?
Nahiko puntuala naiz. Beti berandu ailegatzen diren pertsonak ez ditut askorik maite; itxaroten egoteak antsietate puntu bat sortzen dit.
Zer ezaugarri edo jokabide izan behar du psikologo batek pazientea behar bezala artatzeko?
Begirada hagitz irekia izan behar du. Errealitate anitzetatik heldu diren pazienteak artatu beharko ditu, eta horrek profesionalaren lanketa pertsonal sakona eskatzen du, norberaren istorio eta sinesmenak alde batera uztea aurrean duzun pertsona ahalik eta hoberen artatzeko. Psikologoa prest egon behar da barrura begiratzeko, ondotik kanpora begiratu eta profesionaltasunez jarduteko.