Zirku-artearen agertoki bilakatuko da Bilboko Errekalde plaza bihartik igandera
Akrobaziak, malabareak, kale-antzerkia, kabareta, eta umorea izango dira nagusi.
Zirkualde Zirku-Arteen Jaialdiaren XIII. edizioa antolatu dute bihartik igandera bitarte, Bilboko Errekalde plazan,eta zazpi konpainia arituko dira akrobazia, kabaret, malabare, kale antzerki, eta umorearen inguruan.
Bihar bi ikuskizun izango dira, bata zazpietan eta bestea zortzietan. Lehenik, D'Es Tro Cia konpainiaren Poi emanaldia izango da, zirkuko arteak tronparen joko ezagunarekin eta kultura mediterraneoaren sustraiekin batzen dituen ikuskizuna. Bigarrenik, La Mecanica-ren Waterfalls ikusi ahal izango da, kale-antzerkiaren eta antzerki fisikoaren uztarketa dena.
Larunbatean, 19:00etan, Alas Circo Teatroren txanda izango da, 3en1 lanarekin. Akrobaziak, bankinak, bihurrikatzeak, hegaldiak, malabareak eta aireko mugimenduak dituzte osagai. Ordubete geroago, 20:00etan, Seón konpainiaren Infinit izango da, ikuspegi umoretsu, zientifiko eta filosofiko batetik, errealitatearen muga lausoak planteatzen dituen lana.
Igande eguerdian, 12:00etan, Barré Cíak euskal arrantzaleen eta haien arazoen inguruko Nao, Now, Nau ikuskizuna eskainiko du. Jarraian, 13:00etan, Xampatito Pato konpainiaren Só lana izango da.
Arratsaldean, 18:00etan, Café De Las Artes eta Logrocirco taldeen txanda izango da, eta elkarrekin agurtuko dute edizio hau, Tan Circa kabaretarekin.