Zinemetan diru gehien biltzea lortu duen aktorea
'Avatar' filmeko Neytiri eta Marvel unibertsoko Gamora pertsonaiak jokatu izanak ekarri dio errekorra.
The Numbers webguneak filmeek zinemetan lortutako datuak biltzen ditu eta Avatar: Fire and ash filmak lortutako arrakastak pelikula horretako kide bat zineman diru gehien irabaztea lortu duten aktoreen artean lehen postuan kokatzea eragin du. Nor den aktorea? Bada, Zoe Saldaña.
Avatar sagako azken filma kontuan izanda, Saldañaren pelikulek 15.470 milioi dolar irabazi dute zinemetan. 2024an zerrenda horretako hirugarren postuan zegoen, Scarlett Johansson eta Samuel L. Jacksonen atzetik. Orain, lehen postua lortu du dominikar eta puertorricar jatorriko estatubatuarrak.
Avatar filmeetan Neytiri pertsonaia jokatu du Saldañak, eta Avengers eta Guardians of the Galaxy sagetan, Gamora. Saga horietako filmeek lortutako diruak kokatu du aktorea lehen postuan. Horiez gain, Star Trek-en azken pelikuletan Nyota Uhura pertsonaia gorpuztu du. Saldañak antzeztaldeko aktore onenaren Oscar saria ere lortu zuen 2025ean, Emilia Perez pelikulan egindako lanagatik.
Zinemetan diru gehien irabazitako hiru pelikulak honako hauek izan dira: Avatar (2009), Avengers: Endgame (2019) eta Avatar: The Way of Water (2022). Avatarren azkenak ere 1230 milioi dolarretik gora lortu du dagoeneko,
Ikusi beharko da etorkizun hurbilean inork aurrea hartuko dion ala puska batean lehen postuari eutsiko dion Saldañak.