Zinemaldian profesionalen modura ibiltzeko gida

Zinemaldian profesionalen modura ibiltzeko gida Donostia Zinemaldiak ateak ireki ditu, eta astebetez, filmen estreinaldiak, izarrak eta glamourra ekarriko ditu hirira. Jakin beharreko guztiak aurkituko dituzu jarraian! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinemaldian-profesionalen-modura-ibiltzeko-gida/@@download/image/vintage.jpg
2017/09/22
berria
Donostia Zinemaldiak ateak ireki ditu, eta astebetez, filmen estreinaldiak, izarrak eta glamourra ekarriko ditu hirira. Jakin beharreko guztiak aurkituko dituzu jarraian!
Zinemaldian profesionalen modura ibiltzeko gida

65. Donostia Zinemaldiko alfonbra gorria zabaldu dute, eta horrekin batera, iritsi dira Maria Kristina Hotelera lehen izarrak. Hasi da beraz, astebeteko zinema festa, eta horrekin batera, urteroko galderak etorri zaizkigu burura; zer ikusi? Nora joan? Nola jarraitu gertatzen den guztia? Lasai! Zinemaldian profesionalen modura ibiltzeko gida azkarra prestatu dugu zuretzat!

 

ZER IKUSIKO DUT?

Ehunka filmen artean aukeratzea ez da batere erraza, beraz, aukeraketa honekin lana erraztu dizugu:

 

Sail Ofiziala: Handia (Aitor Arregi eta Jon Garaño). Loreak filmaren arrakastaren ondoren, Moriarti Films-en ekoizpen berriak ikusmin handia eragin du. Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia gazte Joakin ohikoa baino askoz ere handiagoa dela ohartuko da. Mundu osoak planetako gizonik handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote, Europan zehar. Eneko Sagardoy eta Joseba Usabiaga dira filmeko protagonistak.

 

Perlak: Mother! (Darren Aronofsky, AEB). Jennifer Lawrence eta Javier Bardem beldurrezko film honetan batera ikusteko irrikatan gaude! Maitasunari, debozioari eta sakrifizioari buruzko thriller psikologiko liluragarria, bikote baten ikuspegitik. Veneziako zinemaldian FIPRESCI saria jaso du.

 

Zuzendari Berriak: Princesita (Marialy Rivas, Txile-Espainia-Argentina). Gai interesgarria jorratzen du film honek. Hamabi urteko Tamara gaztea Miguel karismadunaren zaintzapean bizi da, eta hark zeregin bat jarriko dio neskari: elkarrekin haur saindu bat izan beharko dute, lehen hilerokoa izan orduko.

Zabaltegi-Tabakalera: Lover For a Day (Philippe Garrel, Frantzia) Harreman baten haustura eta gero, 23 urteko neska bat bere aitaren etxera itzuliko da. Han, aitak beraren adin bereko norbaitekin harreman bat duela aurkituko du neskak.

Horizontes Latinos: Las hijas de Abril (Michel Franco, Mexiko) Valeriak 17 urte ditu eta haurdun dago. Puerto Vallartan bizi da bere ahizpaorde Clararekin. Haien amak, Abrilek, denbora luzea darama kanpoan, eta Valeriak ez dio haurdunaldiaren berri eman nahi. Baina Clarak hari deitzeko erabakia hartuko du, etxean haurtxo bat izateak dakartzan zailtasun ekonomikoak eta erantzukizunak direla eta.

 

Culinary Cinema: Michelin Stars – Tales from the Kitchen (Rasmus Dinesen, Danimarka). Elikadurarekin obsesionatuta bizi garen garaian, Dinesenen lanak Michelin izarrak dituzten sukaldari eta jatetxeen munduaren errealitatea erakutsiko du, gidaliburuaren handitasunak eta miseriak bistaratuz. Aurretik gastronomiari buruzko film luze bat eta telesail dokumental bat ere zuzendu ditu. Afaria: Elena Arzak (Arzak), Kamilla Seidler (La Pazeko Gustu) eta Alain Weissgerber (Schützen am Gebirgeko Taubenkobel).

Savage Cinema: Mountain (Jennifer Peedom, Australia) Aparteko elkarlan zinematografiko eta musikala, Australiako Ganbera Orkestraren eta BAFTA sarietarako izendatutako Jennifer Peedom zuzendariaren artean; horren ondorioa, Mountain filma, mendiekiko dugun obsesioaren esplorazio zirraragarria. Duela hiru mende soilik, ekintza erotzat hartuko zitekeen mendia eskalatzea.

Made in Spain: Estiu 1993 (Carla Simón). Urteko film esanguratsuenen artean dago Simónen haurtzaroa oinarri duen film hunkigarria. Gurasoen heriotzaren ostean, Bartzelona utzi eta Kataluniako landa-ingurura osaba-izebekin bizitzera joan beharko den sei urteko Fridaren uda kontatuko du lanak. Zinegilearen lehen film luzea da, eta Berlinalen saritu zuten. 2018ko Oscar sarietan Espainiaren ordezkaria izango da.

 

NOR DATOR ZINEMALDIRA?

Monica Bellucci, Ricardo Darín eta Agnès Varda izango dira 65. edizioko Donostia Saria jasoko dutenak.

Gainera, Donostiara etorriko direla baieztatu dutenen artean, Javier Bardem, Bérénice Bejo, Steve Coogan, Glenn Close, Penélope Cruz, James Franco, Jean-Pierre Léaud, Benoît Magimel, Arnold Schwarzenegger, Paz Vega -Latinoamerikako Zinemaren Jaeger-LeCoultre sariduna- eta Alicia Vikander daude, besteak beste.

John Malkovich dagoeneko iritsi da Donostiara; bera izango da Sail Ofizialeko epaimahaiaren burua, eta, besteak beste, Dolores Fonzi eta Emma Suárez antzezleak, William Oldroyd zinemagilea, Paula Vaccaro ekoizle eta gidoilaria eta Fabio Cianchetti argazkilaritza zuzendaria izango ditu epaimahaikide.
 

ZE BERRITASUN DAKARTZA AURTENGO EDIZIOAK?

  • Aurten, Leticia Dolera eta Anne Igartiburu aktoreak arituko dira Donostia Zinemaldiaren 65. edizioa inauguratuko duen gala aurkezten. Gaur, hilak 22 izango da, 21:00etan, Kursaal auditoriumean.
  • Bestalde, Donostia Zinemaldiaren 65. edizioko galetako aurkezleak Donostiako, Gipuzkoako eta Euskadiko modarekin jantziko dira, bertako diseinatzaileak ezagutzera eman nahi dituen ekimen bati esker. Donostia Sustapeneko Moda-klusterrarena da ekimena.
  • Azkenik, Glocal in Progress hizkuntza ez-hegemonikoetan ekoizten duten zinema bultzatzen duen sailean Dantza filma estreinatuko du Telmo Esnalek.

 

ETA ZERBAIT GALDU BADUT?

Seigarren urtez, Zurriolako butaka saioan Donostia Zinemaldiko filmen errepasoa ikusteko aukera duzu, ostiraletik aurrera, 11:00etan zuzenean. Berria, Hamaika, Irutxuloko Hitza, Zinea albistari digitala eta Gaztezulo elkarlanean izango dira beste behin, hilaren 22an hasi eta 30era arte —24an ez da saiorik egongo—. Inaxio Esnaola izango da aurkezlea, Lara Madinabeitia kameralaria, eta Urtzi Urkizu berriz, gidoilaria. Berriako lankideekin elkarlanean, GAZTEZULOtik Zuriñe Maguregi eta Ane Urrutikoetxeak euskarazko ekoizpenen bideo kritikak eskainiko dituzte, eta Zinea.eus atarikoek berriz, zuzendari eta protagonistei egindako elkarrizketak.