'Zinemak euskaraz' herri ekimena jarri dute martxan
Zinemetan euskararen presentzia bermatzeko legea adostea eskatzen dute. Herritarren sinadurak biltzen ari dira sarean.
Euskaltzale talde batek Zinemak euskaraz ekimena abiatu du, zinemetan euskararen presentzia legez bermatua izan dadila eskatzeko. Eskaera Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Euskal Hirigune Elkargoko erakunde eta alderdiei zuzendua dago; euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea errespetatu eta zinemetan euskararen presentzia ziurtatuko duen Zinemaren Legea adostea galdegiten dute. Horretarako, sinadura bilketa egiten ari dira Avaaz plataforman.
Ekimenaren bultzatzaileek adierazi dutenez, "nahiz eta euskal hiztunok, kulturako beste hainbat esparrutan, euskaratik eta euskaraz aritzeko eta gozatzeko aukera zabala dugun -liburuak, musika, arte eszenikoak, egunkariak, aldizkariak, komunikabideak, etabar.-, zine-pantailetan euskarak ez du dagokion lekurik. Zinemetan jatorriz euskaraz ekoitzitako filmeak izatea exijitzen dute eta baita euskarara bikoiztutako eta azpidatzitako ikus-entzunezkoak ere. Hau gauzatu dadin, lege baten beharra premiazkoa iruditzen zaie, euskara "gaztelaniaren eta frantsesaren pare egon eta zinemetan eskainitako film bakoitzaren emanaldien erdiak euskarazko bertsioan izan daitezen".
Herritarren atxikimendua lortzeaz gain, Disney Euskaraz eta Netflix euskaraz ekimenekin ere harremanetan daudela jakinarazi dute.