Zinemagileek eta aktoreek ‘Zurriolako butaka’ saioa babestu dute
Hilaren 21ean hasiko da Donostiako Zinemaldia, eta zazpigarren urtez GAZTEZULOk Zurriolako butaka saioan parte hartuko du, euskarazko beste komunikabide batzuekin elkarlanean: Hamaika Telebista, Berria, Zinea.eus, Irutxuloko Hitza eta Kanaldude
Saioa egonkortzen ari da urtez urte, eta euskal zinemako hainbat sortzailek programa ikustera animatu dituzte herritarrak. Klara Badiolak, Itziar Ituñok, Joseba Usabiagak, Josean Bengoetxeak, Jon Garañok, Ximun Fuchsek, Katti Pocheluk, Koldo Almandozek, Jorge Gilek eta Maider Fernandezek saioa babestu dute, Zinemaldian euskaraz egiten den programa bakarra, alegia.
Programa egunero ikusi ahalko da GAZTEZULOren webgunean, Zinemaldiak irauten duen egunetan. Egunero ariko dira Kursaaletik elkarrizketak egiten, eta urteroko moduan, euskarazko filmek eta dokumentalek hartuko dute protagonismoa.
Aurten Zinemaldian Euskal Herriko hogei ekoizpen emango dituzte, inoiz baino gehiago.
Zurriolako butaka saioan parte hartzen dugun komunikabideek prentsaurreko bat emango dugu datorren astelehenean, berrikuntzak aurkezteko. Izan ere, aurreko urtearekin alderatuta, saioak berritasun garrantzitsuak izango ditu.