Zinema eta ingurumeneko ‘Ecozine’ jaialdia datorren astean izango da

Lau emanaldi izango dira, zortzi film guztira, apirilaren 17tik 20ra.

Zinema eta ingurumeneko nazioarteko Ecozine jaialdia datorren astean izango da, astelehenetik ostegunera, Iruñeko Golem Baiona zinema-aretoetan. Hainbat toki, paisaia eta gai ezagutu ahal izango da jaialdian emango diren ikus-entzunezkoen bidez: abeltzaintzak ingurumenean duen onura eta eragina, Brasil eta Peruko Amazonia, Korsika, edota 80ko hamarkadako Ingalaterra. Emanaldi bakoitza 19:30ean hasiko da eta amaieran ikusleek lan bakoitzaren zuzendariekin hitz egiten ahalko dute.

Astelehenean animaziozko film labur onenaren Goya saria irabazitako Loop filma emango dute. Abeltzaintza, aziendaren erabilera egokia, klima aldaketari aurre egiteko eta ekosistemak eta landa-ekonomiak lehengoratzeko irtenbidea izan litekeela erakusten duen Azienda ala basamortua dokumentala emango dute ondoren. 

Asteartean Feeling the Apocalypse film labur kanadiarra eta Brasileko Pisar suavemente na terra eskainiko da. Azken honek Amazoniako hiru lider indigena munduan egoteko duten modua bizirik mantentzeko egindako ahalegina kontatzen du.  Meatzaritzak, monolaborantzak, petrolio-esplorazioak, zuhaitz-mozketak eta zentral hidroelektrikoen eraikuntzak beren lurraldeei eragiten dizkieten mehatxuak kontatzen dituzte.

Asteazkenean, Suitzako The invention of less eta Erresuma Batuko Sew to say filmak izango dira. Pelikula ingelesak Thalia artista eta pankarta-egilearen istorioa kontatzen du; arma nuklearrei aurre egiteko kanpamentu bateko kide bihurtu zen 80ko hamarkadan, Britainiako historiako protesta feministarik luzeena izan zen hartan.

Azkenik, ostegunean, bi lan frantses Nom d’une plante! film laburra eta La part du rêve. Film luzeak Letizia ahuntzainaren abentura kontatzen du; Korsikan, bere arbasoen lurraldean finkatzea erabaki zuen gazteak. Bakartia, saiatua, indartsua eta independentea, bide harrigarri bat asmatuko du Korsikako bere lurraldean errotzeko. 

Emanaldiak jatorrizko bertsioan izango dira, gaztelaniazko azpitituluekin. Sarrera librea izango da.