Zinegoak jaialdiak 50 ekintza baino gehiago izango ditu aurtengoan
Hamabost film luze izango dira Sail Ofizialean. Inaugurazio ekitaldia ekainaren 22an egingo dute Arriaga Antzokian, eta Jimena Amarillo eta Aissa Intxaustiren emanaldiak izango dira.
Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 23. edizioa ekainaren 22tik 29ra izango da, eta kultura eta aniztasun sexuala, identitatea eta generoarekin lotutako berrogeita hamar jarduera baino gehiago egingo dituzte Bizkaiko hiriburuan: proiekzioak, solasaldiak, eztabaidak, antzezlanak, kontzertuak, jardunaldi profesionalak, masterclasseak, jaiak...
Zinegoaken leloa Piztu piztia da, eta Alaitz Arenzana zuzendariaren hitzetan, " bitxitasunean eta munstroaren irudian jarri nahi dugu begirada, arautik ateratzen den guztiaren metafora gisa. Horregatik, aurtengo leloa jaialdia gure alderik libre eta basatiena esnatzeko indar eta desio gune bihurtzeko gonbidapena izatea nahi dugu . Alderik basatiena sarritan zapaldu ohi da eta arrotz, gogaikarri eta deseroso gisa aurkezten da". Horixe da Jules Mamomek kartelean irudikatu duena ere.
Film luzeak eta laburrak
Sail Ofizialak berrogei film baino gehiago izango ditu, film luzeak zein laburrak. Film luzeen sailean hamabost film lehiatuko dira hiru kategoriatan. Hainbat herrialdetako lanak izango dira, esate baterako Iran, Hego Korea, Herbehereak, Suedia, Eslovenia, Ipar Mazedonia, Mexiko eta Alemania. Gainera, gehienak sortzaile berrien opera primak izango dira.
Gaiei dagokienez, berriz, lehen aldien ingurukoan ardaztuko dira asko: desioaren esnatzea, identitatearen aurkikuntza eta lehen esperientzia afektiboak.
Begiradak izeneko film laburren sailean hogeita zortzi lanek parte hartuko dute, Argentina, Belgika, Kanbodia, Kanada eta Txinakoak. ‘Haurtzaroa eta nerabezaroa’ eta ‘Emakume zuzendariak’ ohiko zikloez gain, 'Deslotu begiradak', ‘Piztu piztia!’ eta ‘TBIQ’ zikloak ere izango dira. 'Deslotu begiradak' zikloan, egunerokoa eta desberdina dena ulertzeko beste modu batzuk aztertuko dituzte; ‘TBIQ’ -en, LGTBIQ+ kolektiboaren barruan ikusgarritasun gutxiago duten errealitateen istorioak nabarmenduko dituzte, eta, azkenik, ‘Piztu Piztia!’-n unibertso propioak sortzean araudia zalantzan jartzen duten protagonistengana hurbilduko dira.
Euskal Herriko ekoizpenak
Erroak Euskal Panorama sailean sexu eta genero aniztasunarekin zerikusia duten gaiak lantzen dituzten bertako ikus-entzunezkoak emango dituzte. Aurten bost film izango dira: Eneko Lopez de Luzuriagaren Lamietxe, Guillen Palacinen Los Vinilos, Nagore Alonsoren Ultravioleta, Maren Zubeldiaren Ultramarino, eta Iker Perezen Maruxak.
Hasiera ekitaldia ekainaren 22an, Arriagan
Ekainaren 22an egingo dute hasiera ekitaldia, Bilboko Arriaga antzokian, 19:30ean. Nerea Arriolak eta Kepa Errastik aurkeztuko dute inaugurazio gala, eta Aissa Intxausti bertsolariak eta Jimena Amarillo musikariak parte hartuko dute. Halaber, Bev Ditsie zinegile eta Hegoafrikako LGBTIQ+ eskubideen aktibistak jasoko du Zinegoak 2026 Ohorezko Saria.
Jarraian, Kani Lapuertak zuzendutako Niñxs filmaren estatu mailako estreinaldia izango da. Karla hamabost urteko nerabearen istorioa kontatzen du filmak, trans haurtzaroaren eta nerabezaroaren ikuspegi positibo eta hurbiletik.
Jaialdiaren amaiera ekitaldia ekainaren 29an egingo dute Bilborocken, Irantzu Varelak eta Unai Izquierdok aurkeztuta. Sari banaketa egingo dute eta Zinegoak Sari Nagusia irabazitako filma proiektatuko dute.
Hainbat ekintza jaialdiaren aurretik
Jaialdia hasi aurretik 3, 2, 1... Zinegoak! izango da, ekainaren 15etik 21era, eta Bilboko hainbat espaziotan proiekzioak, topaketak, arte eszenikoak eta kultur jarduerak izango dira.
Ekainaren 15ean, La Sinsorgan, film laburren proiekzioa, fanzine tailerra eta kontzertuak izango dituen “Zinetupper” bat izango da. Hurrengo egunean, Jaume Claret Muxart zuzendariaren Estrany Riu filma proiektatuko dute Cineclub FASen. Ekainaren 17an, Zine de Barriorekin lankidetzan, Sarean-ek Queer Me filma proiektatuko du, Irene Bailó Carramiñana zuzendaria bertan dela.
Pabellón 6-eko Gazte Konpainiak Muro de piedra aurkeztuko du ekainaren 18an, Torremolinoseko Begoña Pasabidean girotutako obra, errepresio frankista betean askatasunerako eta aniztasunerako babesleku bihurtu zen espazioa. Biharamunean, berriz, Lesbian Space Princess animaziozko filma emango dute.
Ekainaren 20an, Soy una Pringada-k Hedwig and the Angry Inch filmari eskainitako Cine para perdedores saioa ekarriko du lehen aldiz Bilbora. Egun berean, arratsaldez, Berreskuratu harrotasuna proiekzioa eta Harrotasunaren zentzu politiko eta aldarrikatzailea berreskuratzeko premiaz hausnartzeko mahai-ingurua izango dira Bira Kulturgunean. Amaitzeko, RRR! Rebeldías, Relatos y Ritmos LA SINSORRR!GA jardunaldia, eta Barjaula Travestiren performancea, Nizeren kontzertua eta Dj Siwanabaren musika saioa antolatuko dituzte Bilborocken. Azkenik, hilaren 21ean, Bilborocken, Bev Ditsieren filmetako bat ikusi, eta harekin solasaldia izango du Irantzu Varelak.
Bestalde, ekainaren 27an David Velduquek zuzendutako Sabor a queer bideo-podcasta egingo dute, eta honako hauek hartuko dute parte: Mia Skylar, trans idazle eta aktibista; Irantzu Varela, komunikatzaile eta aktibista transfeminista; eta Las Fellini, kabaret komiko eta performance konpainia bilbotarra. Hurrengo egunean, Zum Zum Teatreren Munstro Arrosa antzezlana izango da Getxoko Muxikebarri kulturgunean.