Zinegaztelab jaialdia gaurtik asteazkenera Bilbon

Film proiekzioak, solasaldiak eta tailerrak egingo dituzte 12 urtetik aurrerako gaztetxoei zuzenduta.

Begira Elkarteak, kultura eta hezkuntzaren esparruko beste erakunde batzuen lankidetzarekin garatutako ZineGazteLab programaren hirugarren edizioa jarriko du martxan gaurtik asteazkenera bitartean. “Joera Sortzaile Berriak Lankidetza Ingurunetan” lelopean, diziplinarteko sormen baten inguruan komunitate bat sortzea izango du xede, "gizarte-ehunak eraikitzea, ikus-entzunezkoa ahalduntze, gogoeta eta eztabaidarako tresna modura ulertuta". Horretarako, sektoreko profesionalekin tailerrak, mintegiak, solasaldiak eta topaketak egingo dituzte. Horrela, programa honetan parte hartuko duten 12 urtetik aurrerako gaztetxoek ikus-entzunezko sektoreko profesional eta artista ezagunen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute, haiekin ikus-entzunezko heziketako tailer eta jardueretan parte hartzeko aukera izateaz gain.

Gaur, Adri Nogales sortzaileak stop-motion teknika ezagutzeko tailerra eskainiko du eta "mugikorrarekin horrelako animazioak egitea zein erraza den" erakutsiko die gaztetxoei. Saioa 11:00etan izango da Bilborocken eta, 13:00etan, zazpi film labur proiektatuko dituzte. 

Bihar goizean Koldo Gutierrez kazetari eta kultur kritikaria bideo-jokoen ingurun arituko da. Bideo-jokoek mende honetan hartu duten indarra ikusirik, honako gatazka sozialak islatzen dituzten bideo-joko batzuk ikusiko dituzte: bullying-a, homofobia, indarkeria matxista, aldaketa klimatikoa, migrazioa, osasun mentala, gerrak... Nora (Lara Izagirre, 2020) filmeko aktore den Ane Pikaza izango dute hizlari 16:00etan, eta gero, zazpi zinemagintza lan emango dituzte.

Etzi, berriz, Kiko Jauregi bikoizketa zuzendari eta aktoreak bikoizketaren inguruko hitzaldi teorikoa emango du eta, horretaz gain, lokuzio ariketa praktikoak egingo dituzte. Josu Urrutikoetxea zinemagilearekin filmak egiteko ideia sorkuntzaren eta gidoigintzaren inguruko lanketa egingo dute adibide praktikoen bitartez. Lois Patiño, berriz, begirada propioa garatzearen inguruan solastuko da gaztetxoekin. Amaitzeko, beste zazpi film labur izango dira ikusgai.

Egitarau osoa hemen irakur daiteke.