ZINEA atariaren I. Film Laburren Gidoi Lehiaketa martxan!

Maiatzaren 15a arte denbora soberan duzue parte hartzeko; sariak merezi du!

Etxean sartuta egun dezente emango ditugunez, pentsatu duzu zinema gidoigile bihurtzea? Zergatik ez? Hain justu, Zinea atariak abenturari ekiteko aukera eskainiko dizu; I. Film Laburren Gidoi Lehiaketa jarri dute martxan! Maiatzaren 15a arte duzu zure gidoia aurkezteko epea; zeren zain zaude?

Sektorearen egunerokoak lehen lerrotik bizi dituzte Zinea ataleko langileek, eta badakite hamaika direla film bukatuak saritzen dituzten jaialdiak. Gutxi dira, ordea, egilea bere lehen urratsetan laguntzen duten deialdiak. Hainbat arrazoik bultzatu dituzte lehiaketa hau aurkeztera:

Proiektu zinematografiko guztietan, gidoi onik gabe ez dago ezer egiterik. Gidoilariak, bere sormenaren bitartez, makina mugiarazten du, eta, horren ostean, taldea osatzen duten gainerako pertsonek esku har dezakete. Horregatik guztiagatik proposatzen dute lehiaketa hau: ikusgaitasuna eman nahi diete aukera baten bila dabiltzan edota euren ideia aurrera eraman ahal izateko bultzada bat behar duten gazteei. Film laburren egoera hobetzen lagundu nahi dute, eta hori dela eta, irabazleari ordainsaria emateaz gainera, konpromisoa hartzen dute,  hautatutako gidoiaren filmaketarako finantzaketa zein baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak bilatzeko ere.

Parte-hartzaileak 18 eta 30 urte bitartekoak izan behar dira, eta euskara izango dute lanerako hizkuntza. Hau da, euskaraz aurkeztu behar dute gidoia, eta, lehiaketa irabaziz gero, konpromisoa hartuko dute proiektua euskaraz filmatzeko.

Irabazlea ekainaren 12an iragarriko dute ZINEA atarian bertan eta ekimen honekin elkarlanean ari diren erakundeen hedabideetan. Une horretatik aurrera, finantzaketa bilatzen hasiko gara, proiektua gauzatu ahal izateko.

Gehiago jakin nahi baduzu, irakurri xehetasunez lehiaketaren OINARRIAK.