ZiNaizen, trans adingabeen istorioak kontatzeko ikus-entzunezko lehiaketa

Ume zein gazte trans baten bizipen istorioa kontatu behar da hiru minutu inguruko ikus-entzunezkoan.

Naizen Elkarteak eta Zinegoak jaialdiak antolatutako lehiaketa da ZiNaizen, eta trans adingabeen ikus-entzunezko istorioak sortzea du zeregin.
 
Honen bitartez, adingabe transexualen esperientzien, bizipenen, erronken eta garaipenen inguruan gizartea sentsibilizatzea da asmoa. Aldi berean, adingabe transexualen oinarrizko eskubideak errespetatzearen eta babestearen garrantziaz kontzientzia piztu nahi du.
 
 
18 urtetik gorako edonork parte har dezake lehiaketan, eta ikus-entzunezkoak edozein genero eta formatutakoak izan daitezke. Hori bai, ezin dute hiru minutu baino luzeagoak izan. Parte-hartzaile bakoitzak hiru lan aurkez ditzake asko jota. 
 
Apirilaren 13ra arteko epea dago izena eman eta lanak entregatzeko. Maiatzaren 5ean ezaguturaziko dute zein lan aukeratu dituzten eta Zinegoak jaialdiaren itxiera ekitaldian jakinaraziko dute zein den irabazlea. Garaileak 1.000 euroko saria jasoko du. 
 
Lehiaketaren oinarriak hemen kontsulta daitezke.