Zientziari maitasuna aldarrikatuko du Zinema eta Zientzia Zikloak
Hainbat zientzialari eztabaidan ariko dira ikus-entzuleekin Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donibane Lohizunen egingo diren emanaldietan.
Euskadiko Filmategiaren Zinema eta Zientzia zikloaren seigarren edizioak zientziarekiko maitasuna erreibindikatuko du gaurtik martxoaren amaierara proiektatuko diren hamar filmeren bidez. Donostia International Physics Centerekin (DIPC) eta Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean, kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzea izango du helburu, eta nazioartean ospea duen zientzialari batek hitz egingo du emanaldi bakoitzean.
Antolatzaileek azaldu dutenez, "begirada ezberdin, original bat" emango diete filmeei, zientziatik, eta era berean, zinemak gertaera zientifikoari nola begiratzen dion bildu eta aztertuko dute. Hala, zientzialariak zinemara eraman eta zinemazaleak zientziara gerturatuko dituzte.
Honako film hauek proiektatuko dituzte zikloaren barruan: Fire of Love (Sara Dosa, 2022), Madame Curie (Mervyn LeRoy, 1943), Bram Stoker's Dracula (Francis F. Coppola, 1992), Le nom de la rose (Jean-Jacques Annaud, 1986), Inherit the Wind(Stanley Kramer, 1960), Philadelphia (Jonathan Demme, 1993), Dr. Strangelove, or How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb (Stanley Kubrick, 1967), A Beautiful Mind (Ron Howard, 2001), Cuando el destino nos alcance (Richard Fleyscher, 1973), Marrazoa (Steven Spielberg, 1975). Pelikulak jatorrizko bertsioan emango dituzte, gaztelaniazko edo euskarazko azpitituluekin.
Programa osorik proiektatuko da Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, eta Donibane Lohizunen, berriz, Docteur folamour, Un homme d'exception eta Les dents de la mer ikusi ahal izango dira. Tabakalera (Donostia), EHUko Bizkaia Aretoa-Sala Mitxelena (Bilbo), Artium Museoa (Gasteiz), Golem zinemak (Iruñea) eta Le Select zinemak (Donibane Lohizune) izango diran ziklo honetako proiekzioen egoitzak.
Aurkezpen eta solasaldietan, berriz, ondorengo zientzialariek hartuko dute parte: Jose Ramon Alonso (Salamancako Unibertsitatea); Carmen Garde (Biodonostia, Donostiako Ospitale Unibertsitarioa) eta Julio Arrizabalaga (Biodonostia, Donostiako Ospitale Unibertsitarioa) medikuak; Maria Blanco (EHU, DIPC), Igor Campillo (Euskampus Fundazioa), Ricardo Diez Muiño (DIPC, CSIC, EHU), Pedro Miguel Etxenike (DIPC, EHU), Mercedes Vila (Biotech Foods), Nerea Zabala (EHU, DIPC), Daniel Zerzion (DIPC, CERN) eta Amaia Arregi (DIPC) fisikariak; Bernard Bru (EHU, BCAM) matematikaria-fisikaria; Paula Gordaliza (BCAM, UPNA) eta José Antonio Lozano (BCAM, EHU) matematikariak; Montse Hervella (EHU), Conchi de la Rua (EHU) eta Juan Ignacio Perez Iglesias (DIPC, EHU) biologoak; Janire Prudencio (Granadako Unibertsitatea), Juana Vegas (IGME-CSIC) eta Asier Hilario (Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea) geologoak; Elisa Jimenez-Izal (DIPC, EHU) eta Fernando Cossio (EHU, Ikerbasque) kimikariak; eta Marta Olazabal (BC3, Ikerbasque) ingurumen-ingeniaria.
Bestelako jarduerak
Bi hitzaldi ere izango dira zikloaren barruan, Kutxa Kultureko (Tabakalera) Ruiz Balerdi aretoan: Bizitza aldatzen duten sumendiak, Juana Vegasekin, eta Elkarrizketa banpiroarekin neurozientziaz, Jose Ramon Alonsorekin.
Bestalde, eskolentzako goizeko ekitaldiak ere egingo dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteize. Fire of love (Sara Dosa, 2022) proiektatuko dute, euskaraz azpititulatuta, eta Janire Prudenciok (Granadako Unibertsitatea) eta Asier Hilariok (Euskal Kostaldeko UNESCO, Geoparkea, IUGS) aurkeztuta.
Programa eta sarrerak
Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke. Sarrerak web-orrietan eta Tabakalerako, Artium Museoko eta Arte Ederren Bilboko Museoko leihatiletan eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinemetako lehiatiletan erosi ahal izango dira.
