Zientzia fikzioa eta thrillerra uztartzen dituen 'Holobiontea' audio-fikzioa estreinatuko dute datorren astelehenean
Donostiako Zurriola hondartzan hilda agertu den espezie arraro bateko izakia da kontakizunaren ardatza.
Artxipelagoa soinu fikzioaren ondotik, Holobiontea estreinatuko du EITBPodkastek otsailaren 26an. Zientzia fikzioaren eta thriller psikologikoaren osagaiak eta sei atal izango ditu ULU Mediak sortutako lanak. Oraingoz, aurrerapen audio laburra entzun daiteke.
Donostiako Zurriolako hondartzan hilda agertu den eta izenik ez duen espezie arraro bateko izakia izango da kontakizunaren abiapuntua. Surflari batek topatu du itsasertzean, eta munduko komunitate zientifikoaren arreta piztu du aurkikuntzak. Matthew Mendoza euskal jatorriko ikerlari estatubatuarra ere Euskal Herrira etorriko da gertakariaren ondotik. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak Idurre Aldazabal EHUko biologia irakasleari deitu dio ikertzaile taldearen buru izan dadin. Segituan ohartuko dira, ordea, ez dela izakia sarean erori dena, beraiek baizik. Ez dago espezieen katalogoan sailkatua, baina harraparia da.
Oier Aranzabalek zuzendu du proiektua eta Xabier eta Martin Etxeberria anaiek idatzi dute gidoia. Soinu banda Maite Larburuk sortu du eta irudia, berriz, Alain Urrutiak. Honako aktore hauek parte hartu dute, Anartz Zuazuaren gidaritzapean: Nagore Aranburu, Iban Garate, Asier Hormaza, Aitziber Garmendia, Klara Badiola, Patxi Santamaria, Kandido Uranga eta BIEUSE aktoreen elkarteko kideak. Jon Gartziak eta Alai Ormazabalek egin dute grabaketa ULU Studion.