Zientzia eta teknologiari buruzko bideo onenak saritu ditu Elhuyarrek
'Loquita por sus huesos' eta 'Mina edo pikantea?' bideoek jaso dituzte sari nagusiak.
Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek urtero antolatzen duten On Zientzia bideo-lehiaketak zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak ekoiztea eta hedatzea du helburu. Hamahirugarren edizioan 80 lan jaso dira, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Lan gehienak Euskal Herrikoak izan dira, baina hainbat bideo jaso dira Poloniatik, Mexikotik edota Indiatik, besteak beste.
Dibulgazio bideo onenaren saria (3.000 €) Daniel González Escudero informatika-ingeniari madrildarrak irabazi du, Loquita por sus huesos bideoarengatik. Epaimahaiaren hitzetan, “oso lan originala da, dibulgaziorako ipuin formatua erabiltzen duena. Bideoak lortzen du ikusleak narratzailearekin eta protagonistarekin enpatizatzea, eta animazioak hainbat baliabiderekin batera erabiliz, ikus-entzunezko pieza sendoa sortu da.”
Euskarazko bideo onenaren saria (2.000 €) Ane Ibargoyen Alvarez arkitekto usurbildarrak jaso du, Mina edo pikantea? lanarengatik. Epaimahaiak nabarmendu duenez, “estetikoki sinplea den lana da, baina oso eraginkorra. Irudian kolore gorriak protagonismo handia du, eta hori gaiarekin oso lotuta dago. Eguneroko gai bat oso argi azaltzen eta ikuslearengana iristen primeran asmatu du”.
Gazte Saria (1.000 €) Nafarroako Mutiloako Luis Amigó ikastetxeko Fermín Martínez Zabalza eta Aitor Ros Bengochea ikasleek jaso dute, Storytime con mi primo y con Mendel lanarengatik. Epaimahaiaren ustez, “originaltasun handiz eta umore onez egindako proiektua da, eta Mendelen legeak argi azaltzen asmatu du, batere erraza izan ez arren”.
Publikoaren saria www.onzientzia.tv webgunean aldeko boto gehien jaso dituzten bideoek irabazi dute. Honako hauek izan dira: Carlos David Macias Santillan eta César Hilario Gómez Fonseca ikasle mexikarren La IA y el arte, eta Aimar Luis eta Elene López Donostiako Axular Lizeoko ikasleen Zoriontasunaren zientzia.
Aurkeztu diren bideo guztiak lehiaketaren webgunean ikus daitezke. Gainera, Teknopolis telebista-saioak sari-banaketa, saritutako lanak eta saridunen adierazpenak ere emango ditu; ekainaren 17an, 13:30ean, izango da ETB1en, eta ekainaren 18an, ordu berean, ETB2n.