Zientzia-dibulgazioa egingo dute Donostiako tabernetan
Hogeita sei hitzaldi zientifiko izango dira gaurtik asteazkenera, "hizkera ulergarri eta hurbilekoan".
Pint of Science (PoS) nazioarteko jaialdia bost kontinenteetako 25 herrialdetako 200 hiri baino gehiagotan ospatzen da garai berean, tartean Donostian. “Bai zientzia bai zientzian jarduten duten pertsonak ezezagunak dira oraindik ere herritarrentzat. Hori dela eta, PoS jaialdiak herritarrengana hurbildu nahi ditu zientzialariak, tabernetako giro lasai eta lagunkoia baliatuz elkarren arteko hartu-emanak hurbiltzeko”, adierazi dute jaialdiaren koordinatzaileek.
Donostiako tabernetan izango dira hitzaldiak, gaurtik asteazkenera bitarte, eta askotariko gaiak jorratuko dituzte "hizkera ulergarri eta hurbilekoan", hala nola giza-gorputza, gizartea, gure adimena, planeta eta zientzia faktikoak. Hitzaldien eta kokalekuen inguruko xehetasunak hemen bildu dituzte.
Pint of Science 2015ean iritsi zen Donostiara, CIC biomaGUNEko zenbait ikertzaileren eskutik, eta urtez urte, jaialdiaren programa eta jarduerak ugaritu egin dira eta baita parte-hartzaileak ere.
