Ziburuko liburu eta disko azoka egingo dute larunbatean

Hogeita hamahiru argitaletxek eta beste hainbeste sortzailek hartuko dute parte hirugarren edizioan.

Argia hedabideak eta Baltsan elkarteak antolatuta, Ziburuko 3. Euskal Liburu eta Disko Azoka egingo dute ekainaren 4an, udalerriko Pilota plazan. Liburu aurkezpenak, haurrentzako ikuskizunak, eta musika izango dira, besteak beste, egunean zehar.

Hogeita hamahiru argitaletxe, elkarte eta autoekoizleek euren produktuak jarriko dituzte salgai, eta hogeita hamar bat sortzaile ere bertan izango dira irakurleekin hartu-emanean eta euren lanak sinatzen. Honako egile hauek izango dira azokan: Ainara Maia, Alex Tello, Amaiur Epher, Antton Arrieta, Arantxa Urretabizkaia, Asel Luzarraga, Asisko Urmeneta, Auxtin Zamora, Dani Fano, Garbiñe Larrea, Garluk komikilaria, Goiatz Labandibar, Hartzea Lopez, Jakoba Errekondo, Jokin Urain, Julen Ribas, Kalakan taldea, Koldo Izagirre, Lizar Begoña, Maddi Ane Txoperena, Lopez Las Heras, Mikel Asurmendi, Mikel Dalbret, Odei Barroso, Pantxoa Carrere, Thierry Biscary, Unai Gaztelumendi, Xabi Bastida, Xalbat Itzaina, eta Zigor Olabarria.

Goizeko hamarretan irekiko da azoka eta Janbattit Dirassar idazleari omenaldia egingo diote. Jarraian, 10:15 aldera, Zubiburu mahai-ingurua izango da, Dirassarren eta Amaiur Epher idazle gaztearen eskutik. Hain justu ere, ekimen berri honekin azokak idazle belaunaldi zahar eta berrien arteko zubi lana indartu nahi du.

Haurrentzako Amalurrak pausa behar du emanaldi berezia izango da Iturri Zaharraren plazan, 10:30etik aurrera. Maddi Zubeldiak egindako ipuina plazaratuko dute egileak berak eta Bernadette Lurok, kantu eta txotxongiloen laguntzaz. Ziburuko ikastetxeetako ikasleek ere parte hartuko dute euskal kantutegiko abesti ezagunen bat kantatuz. Eguerdiko hamabi eta erdiak aldera, Zirriborroka bat-bateko emanaldia eskainiko dute Miren Artetxe eta Igor Elortza bertsolariek, eta Axpi eta Zaldi Eroa marrazkilariek.

Eguerdiko 13:00etan itxiko dute azoka eta 15:00etan zabalduko dute berriro. Eguerdiko tarte horretan, 14:00etan, Ni Banna taldeak folk irlandarra joko du Boga ostatuan, eta, jarraian, 14:30 aldera, Atalaia ostatuan. Pantzo Irigarairen umore bakarrizketa ere izango da azoka ireki eta gutxira, 15:15ean. Azoka 19:00etan itxiko da baina 20:00etan Adar taldearen kontzertua izango da. 

Liburu aurkezpenak
Bederatzi sortzailek euren azken lanak aurkeztuko dituzte azokan. Honako lan hauek izango dira hizpide: Asel Luzarragaren Esan gabe doa; Lizar Begoñaren Gepardo japoniarrak; ZaldiEroaren Arranotxu; Koldo Izagirre, Garluk Agirre eta Dani Fanoren Sasi artean Elgeta; Idoia Santamariak itzulitako Austerlitz (WG Sebald); Garbiñe Larrearen Sendabelarrek dakitena; eta Jokin Urainen Txomin Aurrera Bolie.