Zeuok erabaki
Bazen behin pilotaleku zaharkitu eta huts bat, gazte talde batek birmoldatu eta erabili zuena. Pilotalekua Euskal Herriko hiriburu batean zegoen, Alde Zaharrean, eta auzokideekin eta gizarte eta kultur eragile askorekin harremanak estutzeko gune bihurtu zen. Hiriburuko alkateak, baina, ez zituen begi onez ikusten toki hari buruzko kontakizunak, eta polizia bidali zuen eraikina hustu eta botatzeko. Hamaika atxilotu, zauritu, eta kontu-eskatze ekarri zuen alkate haren aginduak. Hainbat hedabidetan jarraitu ahal izan genuen gertatutakoa. Euskal Telebistan ere bai.
Aste batzuk pasatu ziren, eta beste hiriburu bateko Parte Zaharreko eraikin huts batera sartu zen gazte talde bat. Gazteentzako gune autogestionatuak behar direla aldarrikatzeko ekintza "sinbolikoa" zela eurena, etxea hurrengo egunean hustuko zutela esan zuten gazteek. Hiriburuko alkateak, baina, ez zituen egokitzat jo gazteen esanak, eta polizia bidali zuen eraikina husteko. Atxiloturik ez, baina zaurituak eta salaketak eragin zituen alkatearen aginduak. Kontu-eskatzeak, hori bai, aurreko hiriburuan baino askoz gutxiago izan ziren.
Hedabideen jarraipena ere, nabarmen eskasagoa. Baita Euskal Telebistan ere.
Iruñea da lehendabizi aipatutako hiriburua, eta UPNko Yolanda Barcina alkatea. Donostian gertatu ziren bigarren pasadizoak hori ez da hain jakina, PSE-EEko Odon Elorzaren aginduz. Batak zein besteak, udaltzainak eta polizia autonomikoak bidali zituzten foruzainak lehenak, ertzainak bigarrenak gazteekin hitz egitea baztertuta. Barcinak, egia da, Espainiako Poliziaren laguntza ere eskatu zuen, Elorzak ez bezala.
Orain, zeuok erabaki zergatik kontatu dizkiguten kontuok hain modu diferentean. Eta ez da bateko gazteak bestekoak baino jatorragoak direlako. Ala bai?
A zer nolako astea!
Irailean, Vaya Semanita saioaren bigarren denboraldia hasi zen, eta arrakasta handiz hasi ere; lehen egunean 260.000 ikusle izan zituen. Saio interesgarria da, une honetan ETB-k eskaintzen duen onenetakoa. Baina, euskal hiztunok ezin al dugu horrelako saio batetaz euskaraz gozatu? EITBko arduradunek gaztelaniazko katearen aldeko apustua egin dute, beste behin ere.
"Goenkale"-k 2000 atal
Goenkale saioaren 2.000. atala emango dute urria hasieran. Horren harira, saioaren hamar urteotako ibilbideari buruzko dokumentala pantailaratuko dute. 2.000 atal horietan, saioak herri baten errealitatea azaldu nahi izan du. Helburua bete al du?