Zestoa Antzerki Astean murgilduta
Igandera bitarte hainbat antzezlan eskainiko dira Caravan Parkeko pabiloian. Emakume sortzaileen inguruko mahai-ingurua ere antolatu dute.
Martxan da Gipuzkoako Zestoa herriko Antzerki Astea Eromen Produkzioak taldeak antolatuta. Kokalekuz aldatu dute agertokia eta Caravan Parkeko pabiloian egingo dituzte antzezlanak. Guztira zazpi emanaldi eta bost obra izango dira. Atzo egin zuten lehen emanaldia; Lesakako Mairu antzerki tailerrekoek Iluntzen antzezlana eskaini zuten.
Gaur, hilak 29, Zestoako Antzerki Taldeko kideek Guateke antzezlana estreinatuko dute arratsaldeko zortzietan eta obra horren beste bi saio egingo dituzte hilaren 30ean eta uztailaren 1ean, ordu berean. Obra Iñigo Dierez azkoitiarrak idatzitakoa da eta Amancay Gaztañaga zestoarrak zuzendutakoa.
Uztailaren 2an, 20:00etan, Atzerrian lurra garratz antzezlanaz gozatzeko aukera izango da. Ander Lipus eta Laura Penagos dira aktoreak eta Amancay Gaztañaga zuzendaria. Xake produkzioak konpainiaren Fadoak entzuten zituen gizona obra eskainiko dute hurrengo egunean, uztailaren 3an, ohiko orduan. Kepa Errasti, Iñigo Aranbarri eta Ane Gabarain aktoreek gorpuzten dituzte pertsonaia nagusiak eta Getari Etxegaraik hartu du zuzendari lana. Antzezlan horrek jaso du aurten Donostia Antzerki Saria. Azkenik, igandean, 12:00etan, Santiaga antzezlana egingo dute herriko antzerki eskolako gaztetxoek, Mikel Ibargurenek zuzenduta.
Antzezlanak ikustera joateko sarrerak Zestoako Turismo Informazio Bulegoan daude salgai. Sarrera bakoitzak zortzi euro balio ditu, eta lau antzezlan ikusteko txartelak 26 euroko prezioa du. Gaztetxoek egingo duten emanaldirako sarrera, berriz, bi eurokoa izango da.
Mahai-ingurua ostiralean
Emakume sortzaileen inguruko mahai-ingurua antolatu dute ostiralerako, uztailak 2, 17:30ean, Kultur Etxeko aretoan. Emakumeak sorkuntzaren bideak zabaltzen lelopean arituko dira solasean Aizpea Goenaga, Olatz Beobide, Erika Olaizola eta Nerea Arriola. Zuriñe Maguregik gidatuko du saioa. Doakoa da ekitaldia baina aurrez eman behar da izena Zestoako Turismo Bulegoan.