Zeruertz berrietarantz
Aurten lehen aldiz Herrialde Katalanetara, Aragoira eta Gaztelara joango dira Askapena euskal erakunde internazionalistaren brigadistak. Izen ematea martxoaren 30era arte izango da zabalik.
Euskal Herriaren izaera independente eta sozialista helburu duten eragile sozial, sindikal eta herri mugimenduekin elkarlanean, herri honen askatasun sozial eta nazionalaren alde borrokan dihardu Askapenak 1987an sortu zenetik. Horretarako, herri langile eta zapalduekin zubiak eraikitzea funtsezko egitekotzat du antolakundeak, "harremanak sendotu eta eskuak batuz, kapital eta estatuaren erasoaldiari bizkar emateko", eta urtero Hego Amerika, Sahara eta Palestina jomuga dituzten brigadak antolatzen dituzte. 2012ko azaroan 25 urte bete zituen erakundeak, baina ospakizunetarako tarte gehiegirik gabe, nazioarteko herrien errealitate eta borrokekin bat egiten jarraitu zuten iaz.
Estatuen Europa eta kapitala. Horiexek Askapenaren brigaden borroka-gune berriak. Baita Europako hamaika herrirenak ere, tartean, Aragoi, Gaztela eta Herrialde Katalanak. Hala, haiekiko harremana estutu eta tokian tokiko egitasmo, mugimendu eta politiken berri izateko, hiru jomuga horietara bidaliko dituzte aurten lehen aldiz brigadak. Hamar egun inguruko iraupena izango dute, eta bertako ikasle eta gazte antolakundeekin, feministekin, internazionalista eta auzo elkarteekin, sindikatuekin, alderdi politiko nahiz irrati libreekin, aurrez aurre bildu eta esperientziak partekatzeko aukera izango dute brigadistek. Berrikuntzaren zergatia galdetutakoan, herri horiek gurearekiko duten lotura azpimarratu dute antolatzaileek: "Frantzia eta Espainiaren zapalkuntza bizitzen ari diren Herrialde Katalanetan, esaterako, hartzen ari diren neurrietatik, jarraitutako bideetatik eta prozesuaren erritmotik asko dugu ikasteko". Eragile horietako kideen eguneroko konpromiso eta bizipenak irakaspen aberasgarriak izango direlakoan daude.
Egonaldian zehar, boterearen esku dauden hedabideen ikuspegi interesatu eta azalekotik aldendu eta herri borrokan dihardutenen aldarrikapenak entzungo dituzte euskal brigadista gazteek. Eta noski, Euskal Herriko egoera helaraziko diete bertakoei. Izan ere, beren beregi antolatutako hitzaldi eta irrati elkarrizketetan parte hartuko dute, baita bestelako ekintzetan ere, jarduera esparruak ezagutu eta harremanak eraikitzeko.
Iaz, 70 lagunek hartu zuten parte Askapenaren brigadetan, gazteak gehienak, uda partean lasaiago ibiltzen direlako. Aurtengoan, dena den, jende gehiago espero dute antolakundeko kideek, eta gazteez gain, pertsona helduagoak ere izena ematera animatu nahi dituzte, "beti baita zer ikasi eta irakatsi". Gainera, hiru helmuga berriak hurbilago egonik, egonaldien prezioa ere dezente merkeagoa izango da, poltsiko ororentzat eskuragarri. Kanpainaren berri emateko hainbat aurkezpen ekitaldi egin dituzte dagoeneko, eta martxoaren 29an, larunbata, Hazparnen izango dira. Zure zain izango dira!
Hainbat datu interesgarri
Izena emateko epea: Martxoaren 30era bitarte.
Nola: Mezu bat bidali brigadak@askapena.org helbidera, eta haiek jarriko dira zurekin harremanetan.
Tailerrak: Brigadetan joan aurretik, hainbat tailer eskainiko dizkiete brigadistei. Haiekin joango diren lagunak ezagutzeko aukera izango dute bertan, eta doazen tokiko informazioa eta beharrezko prestakuntza jasoko dituzte.
Datak: Hego Amerika, Palestina, Sahara, Aragoi eta Gaztelako brigadak uztailean eta abuztuan egingo dituzte. Herrialde Katalanetara doazenak, aldiz, abuztu amaiera edota irail hasieran joango dira, Diada eta galdeketa aurreko egoera ezagutzeko.
Iraupena: Hego Amerikako brigadek hilabeteko iraupena izango dute, Sahara eta Palestinakoek bi asteko iraupena, eta Aragoi, Herrialde Katalan eta Gaztelakoak hamar eguneko iraupena, gutxi gorabehera.