ZERUA ALA INFERNUA: "AZPIMUNDUKO ELKARRIZKETA"
Eunice Kathleen Waymon
“Nina Simone”
(1933-2003)
Ezaguna egingo zaizu...
Soularen erreginak ez du aurkezpen
handiegirik behar, pasioa eta talentua batuz abesti
gogoangarriak utzi dizkigu.
Amy Jade
Winehouse
(1983-2011)
Ezaguna egingo zaizu...
Batez ere, Rehab abestiaz ezagun egin
bazen ere, bere diskoetan beste
hamaika altxor topatu daitezke.
Egin ezin izan diren elkarrizketak: litekeena ere kontatu behar delako.
* GAZTEZULO ez da arduradun egiten gure teknologia aurreratuek ustekabean antzemandako elkarrizketetan diotenaz. Kexa eta iradokizunak, zerura ala infernura bidali!
Amy Winehouse. Zure estilismoa gogoko dut, zapi koloretsu horiek buruan... nire mototsari eusten ederto geratuko lirateke. Zein kolorek edertuko ninduke?
Nina Simone. Nik ere gustuko dut oro har zure estilismoa, nire gaztaroa gogorarazten dit baina kolore morea txertatuko nizuke. Etorkizuneko kolorea dudarik gabe eta atsegin badut ere zure itxura, bada garaia zure estilismoa eguneratzeko, hainbeste motots erraldoi eta tanto zurizko soinekoei betaurreko moreak gehitzeko. Zein polita gelditu zaidan azken esaldi hau, inspiratuta nabil gaur... Inspirazioaz dihardudala, 27en klubekook ez zinetenen hiltzen oso originalak izan. Zer moduz zabiltza zu eta klub hipster horretako Brian Jones, Jimi Hendrix, Janis Joplin, Jim Morrison eta Kurt Cobain?
A. W. Hipsterrarena entzun ez banu bezala egingo dut asko miresten zaitudalako... ba bizitzeko gogoz gaude baina hori ezinezkoa denez behintzat musika ez zaigu falta! Gainera Janisekin emakumeen ahalduntzeaz asko ari naiz ikasten. Lehenengoz benetan maitasuna zer den sentitu ahal izan dut... eta ez, zerbait esan aurretik, ez zuk uste duzun moduan, ene bada, nabari da ze mendetatik zatozen! Apur bat modernizatu beharra daukazu, ez duzu pentsatu tatuaiarik egitea? Oso ongi geldituko litzaizuke...
N. S. Entzun behar dena! Ni bezalako talentuak ez dira sekula zahartzen eta beraz, ez dut horrelakorik behar! Nire ahotsa nahikoa da komunikatu nahi dudan guztia transmititzeko. Aitortzen dut zu ona zarela, baina ni beste maila batean nago. Horregatik ez dut tatuaiarik behar, baina ikusten dudanez zuri gustatzen zaizkizula bat proposatzen dizut ondo ikusten den lekuren batean jartzeko: “Kill your local matxirulo”. Ideia ona, e? Inoiz baino inspiratuago nago gaur, zoragarria naiz! Bide batez, talde bat osatzeko jende bila nabil eta kontatu didate gaztetan emakumez osatutako jazz banda bat osatu zenuela, gaur egun antzeko zerbait egin beharko bazenu zer emakume aukeratuko zenituzke?
A. W. Lehengoan Marylin Monroe eta Marialuixa (berak Kontxu deitzeko esaten digu baina...) ezagutu nituen. A ze bi emakume interesgarri! Gainera, beraiei esker Kaxiano deskubritu dut. Hasteko hiruron artean bere abestien jazz bertsioak egitea gustatuko litzaidake. Baina ez soul estiloan bakarrik. Sekretu bat aitortu behar dizut: black metalaren fan sutsua naiz eta zuk duzun indar eta pasio horrentzat ihesbide ona izan liteke, zer iruditzen zaizu talde bat osatzen badugu? Zer izen jarriko zenioke?
N. S. Ideia ona iruditzen zait! Nire talentua beste estiloetara zabaltzek gogoz gelditu nintzen, Rosalia txiki utziko genuke soula eta black metalaren arteko fusio bat egingo bagenu. Orain urte batzuk Just Like a Woman abestiaren metal bertsioa egitear egon nintzen, orain izan daiteke hori amaitzeko garaia! Osatu dezagun taldea bai! Izenari dagokionez zer iruditzen Berri Beltzak? Edota Dena Beltz? Dudatan nabil bi horien artean... Gainera, ez nire maila berean baina, zure emozioak sakonki adierazteko gai zara kantuaren bidez, argi dago musika zuretzat ere ihesbide bat izan dela. Orduan zergatik jo zenuen drogen mundura?
A. W. Erraza da kanpotik epaitzea baina barruan zaudenean ez da horren argi ikusten. Zoritxarrez maitasuna zer zen gaizki ulertu nuelako sartu nintzen drogen munduan. Nire senarra izan zen Blakez itsututa nengoen, bere erruz hasi nintzen droga gogorrak kontsumitzen, baina eztabaidaren batengatik edo urruntzen ginenean, droga kontsumitu gabe egoten nintzenean baino okerrago pasatzen nuen eta noski, ondoez hori arintzeko gehiago kontsumitzen nuen. Niretzat maitasun erromantikoa izan da drogarik ankerren eta mingarriena. Musika niretzat bizitzeko arrazoi ahaltsua izan bazen ere nire gorputza oso ahulduta zegoen, denok ez baitugu zure protestarako gaitasuna. Zure protesta abestiak oraindik ozen entzuten dira baina egun jendeak kantuen bidez baino twitter bidez protestatzen du gehiago. Twitter erabiliko bazenu zein izango litzateke zure lehen txioa?
N. S. Txioen indarrean baino gehiago sinisten dut musikaren ahalean, beraz, egunero txiokatuko nuke gogoratuz nire jarraitzaileei nire diskografia osoa entzuteko goitik beheraino B abestiak ahaztu gabe, ojocuidau! Zure kasuan ordea, esango nuke zure bizitzan gutxi protestatu duzula. Orain ez dakit non gauden, zeruan ala infernuan, baina zeren faltan nabari duzu?
A. W. Paradoxa badirudi ere, gauza gehiago falta nituen munduan. Nire aitari nire ospea gehiago axola zitzaion bere alabaren ongizatea baino, Blakek nahieran erabili zuen nire bihotza eta nire zale eta mundu erdiak voyeur bezala jokatu zuten amildegian erortzen ari nintzen bitartean. Nire inguruan inork ez zidan beso bat luzatu... nik jada ezagutu dut infernua, orain nire bizitzako bi gizon horien zain nago (aita eta senar) beraiei bizi arazteko infernu berbera, beraientzat bai izango dela biblikoa heriotza. Janisek jada eman dizkit zenbait ideia baina ez dizut spoilerrik egin nahi, ikusiko duzu. –barre maltzurra–.
N. S. –barreak– Gustatzen zait nola pentsatzen duzun eta baita Janisen ideiak ere, Berri Beltzak taldera gehitu genezake. Bide batez, emakumeen artean gaudela aprobetxatuz, konta iezadazu zutaz ez dakidan sekretu bat...
A. W. Black metal zalea naizela aitortzea ez al da nahikoa izan? Bide batez, esango nuke Berri Beltzak izena beste talde baten oso antzekoa dela, ez ditugu copyright arazoak edukiko, ezta? Beno tira, harira bueltatuz, zu zarelako bakarrik e, hemendik ere badirela zenbait paparazzi eta nahikoa izan nuen Lurrekoekin: Janis nire bikotekidea da, pozik?