Zertara nentorren sukaldera edo egunerokotasunean estresak eragiten dizkigun hanka-sartzeak

Koilara zaborrontzira eta jogurt potoa harraskara, argia piztua uztea... despiste errugabeak dira, askotan nortasunaren zati, baina batzuetan antsietatearen sintoma.

Egunerokotasunean gertatu ohi diren despite edo hanka-sartze horiek gure estres eta antsietate egoerarekin harreman zuzena izan lezakete. Estres fase bat igarotzen ari bagara arreta eta kontzentrazioa bezalako oinarrizko funtzioak aldatu egiten dira. Horregatik, askotan ez dakigu zertara joan garen sukaldera. Gertatu zaizu?

Baina zergatik dago horren harreman estua estresa eta nahasteen artean? Antsietate eta estresa pairatzen ditugunean gure sistema alerta egoeran dago, gure garuna arrisku seinaleen bila jarduten da, beste guztia alboratuz. Horregatik gertatzen dira hanka-sartzeak, alarma egoeran, garrantzitsua ez den beste informazio guztia baztertu egiten delako. 

Oroimen falta hauekin gehien lotzen den nahastea antsietate orokorrarena da. Berau pairatzen duena gertatu litekeen horretaz guztiaz hausnartzen aritzen da, pentsamendu ezkorrak gailenduz. Kezka horiek orainean arreta jartzea eragozten diote. Hau da, gertatu litezkeen hainbat egoera aztertzen ditu eta horrek sekulako neke mentala eragiten dio; aldi berean, oinarrizko gauzak txikiak egitea ahazten zaio. 

Honetaz gain, kontzentrazio ahalmena ere murriztu egiten da eta honek autoestimuan eragina izan lezake esperimentatzen duenarentzat. Dena den, aipatu behar da despiste hauek ez direla beti berak, ez eta horren nabarmenak pertsona guztiengan. Ziurrenik denok ezagutzen dugun norbait giltzak non uzten dituen sekula ez dakiena edo behin eta berriz mugikorra galtzen duena. Kasu hauetan, antsietatearen alarma piztea konplexuagoa da. Normalean despistatuak ez diren pertsonengan behatzea errazagoa da.

Dena den, denborarekin guztiok ohartzen gara gure oroimenean zerbait ez doala ondo, egunerokotasunean eragina izaten baitu, gure ongizatea eta lasaitasuna asaldatuz. Zaila da, ordea, joera hauekin etetea, ez ezinezkoa ordea. Pentsamendu horietatik ihes egin eta kontzentrazioa eskuratzeko hainbat bide daude.


Horretarako, egoerak lasai behatzea gomendatzen da eta egin beharreko ekintza garrantzitsuak komunikatzea, nahiz eta bertan inor ez egon. Altuan esatean, kontzienteagoak gara ekintza burutu dugun ala ez. 

Bitxia badirudi ere, azkenaldian puntua egitea modan jarri da. Pertsona askorentzat askatzailea izan liteke euren arreta ekintza batera soilik bideratzea. Ekintza material bakarrean zentratzean, momentu batez gure buruan bakarrik dauden beste unibertso alternatibo horiek alboratzen ditugu, gure garuneko zarata itzali eta ekintza xumeetan arreta jarriz.