Zergatik zaren gozozaleagoa edo gazizaleagoa

Faktore genetikoek hartzen dute parte zure gustuan, baina baita jokabidezkoek eta nostalgikoek ere.

Zu gozozaleagoa zara, zure bikotea aldiz gazizaleagoa. Edo alderantziz. Zure gosari ideala croissantak eta fruta dira, aldiz, zure lagunik onenarena ogi txigortua eta ahuakatea. Askarirako zuk granolak nahi dituzu jogurtarekin eta zure nebak hummusa. Egoera ohikoak dira, ezta? Bada, batzuk gozozaleagoak eta besteak gazizaleagoak izateak badu atzean bere zergatia eta dirudiena baino sinpleagoa da. Boticaria García dibulgatzaile zientifikoak bere azken liburuan, Tu cerebro tiene hambre, kontatzen duenaren arabera, bi faktore nagusi dira erantzuleak.

Lehena geneak dira. Giza genomaren eremu batzuk zapore gozoari lotuta daude eta azukrearekiko joera aktiboago badugu, horregatik litekeena da elikagai gozoak aukeratzea gazien gainetik. Kasu! Honek ez du esan nahi beti gozoa edo beti gazia jateko gogoa izaten dugunik. Bistan da jende guztiak jaten dituela biak. Hala ere, zure geneek baten ala bestearen aldeko apustu garbia egiten dute. Fenomeno honek epigenetikatik du asko.

Epigenetika, funtsean, bizitzeko moduaren eta jaiotzaren ondoren jasotzen dugun guztiaren eragina da, eta zure genomak dituen gene batzuk desaktibatzea edo aktibatzea eragiten du. Adibidez, ez da gauza bera egunero gozoa kontsumitzen den familia batean haztea, edo sekula galletak eskuragarri ez dauden batean. Haur garenetik elikagai mota bat jatera ohitzen bagara, gure sari-sistemek, dopaminak eta endorfinek erantzun handiagoa eskuratzen dute horrelakoak jatean. Horrek gozozalea izatera eraman zaitzake, nahiz eta zure geneek gazizaletasunera bultzatu. Hori da epigenetikaren magia.

Baina bada kontuan hartu beharreko beste alderdi bat ere: kulturala. Txikitan edo iraganean zorion une gehiago izan badituzu elikagai gozoen inguruan, hori izango da zure lehentasuna, zaporeagatik ez bada ere zure lehen aukera; gogo-aldarte alaia lotzen baituzu elikagai horrekin. Noski, ez gara mekanismo horiez ohartzen, inkontzienteki funtzionatzen dute. Itzalean. Ikusi ezin dituzun lekuetatik egiten dute lana. Baina hor daude eta batzuetan zaildu egiten digute janari osasungarriagoak lehenestea.