Iragarkiak zinema aretoetan: zergatik?

Geroz eta ohikoagoa bihurtzen ari da zinema aretora sartu eta, filma hasi aurretik iragarki publizitarioak tonaka irentsi behar izatea. Non geratzen dira ikus-entzuleen eskubideak? Hego Euskal Herrian gai honekin lotutako legedia zertan den errepasatu dugu.

Larunbata, 19:15. Gipuzkoako merkatal gune ezagun bateko zinema areto batean eserita nago Toy Story 4 filma hasteko itxaroten. Leihatilako ordutegi zerrenden arabera, filmak 19:20etan hasi beharko luke. 19:23, argiak itzali dira. Iragarki bat. 19:28 hirugarren spot-a. Altzari, kotxe eta lurrin marka guztien errepasoa egin ostean, pantaila belztu eta 19:35 inguru filmaren hasierako tituluak ageri dira. “Sinestezina eta lotsagarria”, horiek dira buruan etengabe bueltaka dauzkadan bi adjektiboak. Zenbatetan gertatu zaizue hau? Niri askotan eta nazkatuta nago. Eta kontuz, ez naiz hurrengo hilabeteetan iritsiko diren ekoizpenen trailerrez ari, telebista konbentzionalean normalean ikusten ditugun iragarki horietaz baizik.

Pausoz pauso. Kate horien barruan lanean dabilen lagun batek aitortu dit -nahiago izan du izenik ez aipatzea-, "bezeroek jartzen dituzten erreklamazio eta kexa gehienak gai honekin lotutakoak izaten dira. Jokabide onen kode moduko bat existitzen dela" dio eta "ezin omen dira 20 minututik gorako iragarkiak txertatu". Baina legedira joz gero, ez al dago hau erregulatzen duen araudirik? Niri behintzat, zalantzagarria iruditzen zait sarrerengatik ia 8 euro ordaintzea eta gainera amaigabeko iragarki-zerrendak irenstea.

Zalantzagarria bai, baina tamalez, legala. Duela bizpahiru urtebete, “Zineman Publizitate Kode Etiko” berri bat sinatu zuten Espainiako Estatuan -aurreko legedia 2001 urtekoa zen-. Komunikazio Komertzialaren Autoerregulaziorako Elkarte espainiarraz gain, areto hauen publizitatea kontrolatzen duten agentzia esklusibistek sinatu zuten akordio hori, Movierecordek, Discinek eta 014 Mediak. Lege berri horren arabera, “publizitateak leiala, zintzoa eta egiazkoa izan behar du. Ezingo dira pertsonen duintasunaren aurkako irudiak jarri, diskriminatzaileak direnak edo legez kanpoko ekintzak egitera bultzatzen duten mezuak dituztenak”. Hiru zatitan banaturiko arau berezien tarte bat ere topatu daiteke. Kodearen barruan ageri diren printzipio batzuk errespetatuz, adingabeentzako filmak baino lehen emititzen dituzten iragarkiek ezingo diete kalte mental, fisiko ala moralik eragin. Edari alkoholikoen iragarkiak erregulatzen dituen atal bat ere ageri da, jakina. Eta azkenik, filmen trailerrei dagokiena. Erabat onartuak daude noski, baina ikustera goazen film konkretu horren kalifikazio bera edo altuagoa izan behar dute. Eta hortxe amaitzen da dena. Kodea gorabehera, iragarkien iraupenari buruz ezertxo ere ez dago idatzita. Eta zentzu horretan, areto barruan gauden kontsumitzaileok pertsona babesgabeak garela uste dut, ezin baitugu katez aldatu edo pantaila itzali gure etxeetan egiten dugun moduan. 

Telebistako iragarkiak ikustean, trukean “doako” saio bat jasotzen duzu. Zineman sarrera ordaindu baduzu, zergatik ikusi behar duzu 20 minutuko publizitate-tartea filma hasi aurretik?

Badakit hau negozio bat dela, dirua irabazteko daudela eta ahalik eta etekin handiena lortzeko sistema berriak bilatzen dituztela egunero. Primeran, guztiz ulergarria. Gehiago esango nuke, estrategia komertzial horien barruan, badira gutxiago axola zaizkidan “eraso” batzuk –aipaturiko trailerrak esaterako–. Pelikula 19:20etan hasteko programatuta badago eta ni 19:05etan sartzen banaiz, ez zait axola iragarkiak irenstea, tarte huts horietan “entretenitzea” eta beraiek, gainera, etekina. Bikain. Denak irabazle. Ikusi nahi ez baditut, ordea, kanpoan itxoingo dut ordua iritsi arte.

 

Baina 19:20etan nire filma ikusi nahi dut. Krispetengatik ordaintzen badut, trukean krispetak jasotzen ditut. Sarrera ordaintzen badut, trukean filma ikus dezaket. Telebistan iragarkiak ikusten ditudanean, trukean “doako” saio bat eskura dezaket. Zinema aretoan iragarkiak ikustera behartua nagoela? Primeran, utzi orduan dohainik sartzen. Industria zinematografikoari trukean ezer eman gabe, internetetik film bat deskargatzen dugunean, delitua dela diote -ez dut kontrakorik esaten, kontuz!-. Baina beraiek guri zerbait “hartzen” digutenean, trukean ezertxo ere eman gabe, horri “marketin adimentsua” deitzen diote. Netflix, HBO eta Spotify bezalako plataformengatik ordaintzean, iragarkirik gabeko edukiak jasotzen baditugu, zergatik ez gauza bera zinemarekin?