Garagardoa, antxoak, azeitunak, patata frijituak... ahaztu komuneko papera
Koarentena luzatzen doa, eta gure lehentasunak aldatu egin dira erosketa egiteko orduan.
Itxialdiak herritarrongan eragiten dituen joerak argi ikusi daitezke supermerkatuetara egindako bisitetan. Hala, lehen egunetan komuneko papera eta garbiketarako produktuak izan ziren errege; paperarenak ehunka meme egiteko balio izan digu sare sozialetan. Baina egunak pilatzen hasita, konturatu gara komuneko papera ez dela horren azkar amaitzen, eta aldiz beste gauza batzuk azkar kontsumitzen ditugula; hala, alkohola supermerkatuetatik desagertzen hasi zen, batez ere garagardoa eta ardoa.
Baina alkoholarekin batera, beste lehentasun batzuk ere finkatu ditugu. Hasieran ohiko janaria erosten hasi ginen, eta ez ginen astebetean kontsumituko genuena ondo kalkulatzeko gai; baina pixkanaka, neurria hartzen joan gara, eta supermerkatura egindako bisitak murriztuz doaz.
Horrela, alkohola laguntzeko jakiak dira orain erosketa zerrendako izarrak: patata frijituak, antxoak, txokolatea eta izozkia dira egun erosienak. Bestalde, irinaren kontsumoa izugarri igo da; arrazoia? Jendea ogia, bizkotxoak eta antzekoak kozinatzen hasi dela denbora-pasa moduan.
Psikologoen esanetan, erosketaren bilakaera honek badu zentzua, izan ere, estresa eta antsietatea eragiten duen egoera bizi dugu, eta beraz, geure burua saritzeko erosketak egiten ditugu, antsietate hori baretu eta zorion pilulak irensteko. Izan ere, nork saritzen du bere burua brokoliarekin?