Zer kantu elektroniko ezagunek bete ditu 25 urte?
Daruderen kantuaren urteurrenaren aitzakian, omenaldi berezia egin dute Finlandian.
Joan den maiatzaren 8an, goizeko bederatziak eta laurdenetan, Darude musikariaren Sandstorm abesti ezaguna hainbat tokitan entzun ahal izan zuten finlandiarrek. Duela 25 urte arrakasta handia lortu zuen eta, hari aitortza egiteko, irrati guztiek programazioa bateratu eta aldi berean jarri zuten kantua. Merkataritza-guneetan, eskoletan eta espazio publikoetan ere zabaldu zuten Daruderen hit-a. Egileak eskerrak eman dizkie denei sare sozialetan.
Darude DJ finlandiarrak 1999ko azaroan kaleratu zuen singlea, baina 2000.urtean zabaldu zen nazioartean. Finlandiako dance zerrendaren lehen postuan egon zen hamazazpi astez eta 2010eko martxoan urrezko ziurtagiria lortu zuen Estatu Batuetan, 500.000 ale saldu izanagatik. Denbora igaro arren, jendearen oroimenean irautea lortu du.
Darude mundu mailako #storm25 bira egiten ari da orain, efektuen eta irudien laguntzaz. Sidney, San Frantzisko, Los Angeles eta beste zenbait hiritan ibili da eta ekainean Dublinen, Glasgowen eta Madrilen izango da.
Beste ekitaldi berezi bat ere antolatu du urteurrenaren harira. Sandstorm Run sei kilometroko korrikaldia egingo dute abuztuaren 31n, Helsinkin. Bideoan agertzen diren tokietatik igaroko dira, tartean hiriko katedraletik. Janzterako garaian bideoaren izpiritua kontuan izateko esan diete parte-hartzaileei eta sariak izango direla.