Zer gertatzen zaio burmuinari mugikorreko jakinarazpenak jasotzean?
Adikzioa ote duzun jakin nahi?
Ikerketek diotenez, egunean 2.600 aldiz ukitzen dugu gure mugikorra, gehienetan kontziente izan gabe. Horren errua zentzu handi batean mugikorrera iristen zaizkigun jakinarazpeneko dute, baina, zer eragiten dute gure garunean?
Mugikorrean aldiro dir-dir egiten duten seinale horien atzean mekanismo psikologiko eta fisiologikoa ezkutatzen da, hain zuzen, adikzioa eragiten duten sustantzien oso antzekoa. Pavloven txakurraren esperimentuan bezala gertatzen zaigu; jakinarazpenaren argitxoa janaria iragartzen duen kanpaia da, eta mugikorra esku artean hartzen dugu automatikoki, jakinarazpen horrek eskainiko digun gozokia jasotzeko prest. Hainbestetan errepikatu ondoren, jakinarazpenik jaso gabe ere ehunka aldiz hartzen dugu mugikorra esku artean, gozoki gehiagoren gosez.
KOKAINAREN PARE
Inoiz bueltatu zara korrrika etxera mugikorra ahaztu duzulako? Hura gabe biluzik eta babesgabe sentitzen zara? Drogek eragiten duten abstinentzia-sindromearen antzekoa da sentipen hori. Eta kontuz, adikzioa kontu serioa baita; kasu honetan, mugikorrak eragiten duena ez da drogenaren berdina, baina badute antzekotasunik. Azken finean, dopamina askatzen dugu jakinarazpen bat jasotzen dugun bakoitzean; berdina gertatzen zaigu gustuko esperientzia bat bizi dugunean, gauza gozo bat jan ala bidaia bat egiten dugunean, adibidez. Gure gorputzak "opari" bat egiten digu, gustagarria suertatu den esperientzia hori errepikatu dezagun. Zoriontsu sentitzen gara. Baina kontuz, zoriontasun une horiek etengabe bilatzen hasten bagara, orduan bai, adikzioan erori gaitezke eta.
Esku artean dugun teknologia diseinatu dutenek badakite zoriontasun pilula horien zale amorratuak garela, eta horregatik diseinatu dituzte modu honetan mugikorrak. Etengabe begiratzen ditugu, benetako beharrik ez dugun arren, askotan, kontziente izan gabe. Eta zer egin dezakegu adkzioa ekiditeko; bada jakinarazpenak desaktibatu. Erraza, ala ez horrenbeste?