Zer gertatzen da eguzkitako kremarekin?
Egun oraindik ez gara gai eguzkia behar bezala hartzeko... jarraian, gomendio batzuk!
Aste honetan jakinarazi dutenez, hainbat eguzkitako krema markek diotena baino gutxiago babesten gaituzte eguzkitik; dena den, oraindik ere gehiengo zabalak ez ditu beharrezko neurriak hartzen izpi ultramoreak ekiditeko. Hain zuzen, gizartearen %94 soilik oporretan dagoenean akordatzen da eguzkitako krema emateaz, eta gehiengoak gaizki aukeratzen eta ematen du. Gainera, krema ematearekin ez da nahikoa gure azala (eta osasuna) babesteko; ez ahaztu udak geroz eta berotsuagoak direla, ozono geruza geroz eta finagoa, eta beraz, eguzkia geroz eta arriskutsuagoa. Hala, osasuntsutzat dugun udako kolore beltzaran hori ez da uste duguna bezain osasuntsua, kontrakoa baizik.
Eta zuk, zer egiten duzu zure azala minbizitik babesteko? Ba al dakizu noiz eman behar duzun krema? Eta zenbat? Eta zenbatero? Jarraian, aurtengo udan zure azala ganoraz babesteko gomendioak eskainiko dizkizugu, eguzkiaren inguruko hainbat uste ezetatuz:
- "BELTZARAN EGOTEA OSASUNTSUA DA": Ez da hala. Gure azala kolorez aldatzen da defentsa mekanismo baten ondorioz; eguzkiak erre egiten gaitu, eta hortaz, azalak eraso horren aurkako ezkutua prestatzen du, ilunduz. Kolore apur bat neurriz hartzeak ez du zertan arriskutsua izan behar, baina azal zuriak aste gutxitan erabat belztea minbizia garatzeko boletoak erostea bezala da.
- "BELTZARAN JARTZEA BEHARREZKOA DA D BITANIMA XURGATZEKO": Oso eguzki gutxi behar dugu D bitamina sintetizatzeko; nahikoa da egunean 10 minutu eguzkitan egotea, gehienez astean hiru egunetan. Hortik aurrera hartzen dugun eguzki guztiak ez du inolako eraginik izango D bitaminaren xurgaketan.
- "EGUZKITAN JARRI AURRETIKO ORDU ERDIAN IPINI BEHAR DUGU KREMA": Uste hau beharbada zabalduenetakoa da, baina ez da zuzena. Kremak, jartzen dugun unetik babesten du, nahiz eta egokiena hamar minutu lehenago ipintzea den. Kontuz ordu erdi lehenago jarri eta ondoren janztearekin; arroparekin jarritako krema kendu dezakegu azaletik, babesa galduz.
- "KREMAREKIN EGUN OSOA PASA DEZAKET EGUZKITAN": Hobe ez bada hala. Azken finean, kremaren efektua babes bat eskaintzea da, arropa edota txanoa jartzea bezala. Baina ez gaitu inoiz guztiz babesten.
- "BURUAN (ILEAN) EZ DUT BABESIK BEHAR": Kontuz! Burua eguzkitik babestea bereziki garrantzitsua da, eguzkipean denbora luzez egonda buruko mina eta intsolazioa eragin dezakeelako. Gainera, uste denaren aurka, ilearentzat kaltegarria da eguzkia, eta adi, ile erorketa azkartu dezake eta!