Zer da eta nola eman lehenengo pausoa "Zero Waste" bizimodu baterantz

"Zero Waste" kontsumo kontzientea sustatzeko mugimendua da. Eskura ditugun baliabideak babestu nahi ditu kutsadura ahalik eta gehiena murriztuz. Zuk ere mugimenduaren zati izan nahi baduzu hona hemen horretakoa hamar ideia.

Birziklatzea eta ingurumenaren zainketaren ideiak gizaterian orain dela urte luzetik egon badira ere, egungo Zero Waste mugimenduak hasieran 70. hamarkada inguruan du eta askorentzat bizitza filosofia bat izatera iritsi da. 

Zero Waste mugimendua egun ezagutzen dugun moduan Bea Johnsoni esleitzen zaio. Bera hasi zen etxean aldaketa txikiak burutzen eta apurka-apurka ingurumenaren borrokan erreferente izatera iritsi zen. 

Bizimodu hau babesten dutenek kontsumo jokabide kontzienteak burutzen dituzte ahalik eta zabor gutxiena sortzeko helburuz: ontziak berrerabili, kontsumo arduratsua bultzatu, birziklatu...

Baina nondik hasi? Askoren galdera izan ohi da. Bizitza jasangarriago baten aldeko pausoa ematen hasi aurretik benetan behar duzuna zerrendatzea gomendatzen da: zein produktu dira %100 beharrezkoak zure bizitzan? Eta batez ere, zein gauza ez dira beharrezkoak? Hona hemen zaborra, eta beharrezkoa ez duzuna, murrizteko zenbait ideia:

1. Erabilera bakarreko artikuluak ezabatu
Plastikozko
lastotxoak, paperezko ahozapiak... hamaika objektu aurkituko dituzu etxean ziur erabilera bakarrekoak direnak. Saiatu horiek berrerabili litezkeen produktuengatik ordezkatzen. Adibidez, plastikozko ur botila erosi beharrean instalatu zure etxean ura iragazten duen filtro bat eta erosi beirazko edo aluminiozko botilak. 


2. Erosi ontziratu gabeko produktuak
Ahal den neurrian, ontziratu
gabeko janaria erosi. Gainera dirua aurreztuko duzu! Horretarako beharko duzuna berrarabili litezkeen ontziak izango dira.


3. Plastikozko poltsa ohialezko poltsengatik aldatu
Plastikozko
poltsa batek 150 urte inguru behar ditu degradatzen. Oihalezko poltsak ingurumenarekin lagunkoiagoak dira.

4. Hondakin organikoak konpostatu
Zabor
kantitatea murrizteaz gain, zabor organikoa konpostatuz gero zure landareentzat ongarri naturala sortuko duzu eta kalitate bikainekoa gainera!


5. Moda produktu jasangarriak aukeratu
Bigarren
eskuko arropa aukera bikaina izan liteke bai zure poltsikoarentzat eta baita planetarentzat ere. Arropa berria erostekotan saiatu aurretiaz ondo pentsatzen zer den benetan nahi duzuna eta saiatu marka jasangarriak topatzen. Beharbada garestiagoak izango dira, baina luzera aurreztu egingo duzu, kalitate hobeagoko arropa izaten baitira, eta ondo zainduz gero, urtetan erabili ahal izango dituzu. 

6. Ohiko pila eta bateriak berriz kargatzen direnengatik aldatu
Merkuriodun
pilak 600.000 litro ur kutsatzera iritsi daiteke, alklaina pilak ia bikoitza. 

7. Elikagaiak biltegiratzerakoan ordezkatu sukaldeko plastikozko edo aluminiozko biribilkiak berrerabili litezkeen ontziengatik
Material
hauen erabilera oso barneratua badugu ere, erabilera bakarrekoak izan ohi dira. Horren ordez, erabili, garbitu eta berriz ere erabiltzeko gorde ditzakezun ontzien alde egitea gomendagarria da. Tuperrak izan litezke edo silikonazko poltsatxoak. Gainera, aurreztu ere egingo duzu!


8. Ingurumenaren alde egiten duten edertasun eta zainketa produktuak hautatu
Egunero
erabili ohi ditugun produktu askok hondakin kimiko kutsagarriak dituzte. Horien ordez, txanpu edo xaboi naturalak hautatu, ahal bada solidoak, hondakin gutxiago sortzeko. Beste aukera zuk zeuk etxean horrelakoak egitea da. Animatzen bazara sarean hamaika errezeta daude!

9. Bertan ekoiztutako elikagariak erosi
Bertan
ekoizten diren produktuen garraioan energia gutxiago xahutzen da eta ondorioz, ingurumenean kalte gutxiago eragiten dute. Gainera, produktu ekologikoak osasuntsuagoak dira bai ingurumenarentzat eta baita gure osasunarentzat ere. Hori gutxi ez, eta aldaketa honekin bertako denda eta ekoizleak babestuko dituzu.


10. Birziklatu
Beharabada 
aukerarik begibistakoena da, baina aurreko guztia egin ondoren egin beharreko zerbait da, azken aukera moduan. Zero Waste mugimenduaren arau nagusia birziklatzen amaitu aurretik zabor gutxiago sortzen saiatzea da. Dena den, ekidin ezina da hondakinak sortzea, eta beraz hauek egoki banatzea ere garrantzitsua da. 

%100 Zero Waste bizitza bat eramatea posible al da? Zaborrik ez sortzearena ideia polita bada ere ez da betetzeko helburu erraza. Zero Zabor xedea ez beteta ere, honen aldeko pausoak ematea bera garrantzitsua da planeta garbiago batean bizi ahal izateko. 

Batzuk diote Zero Waste mugimenduak ez lukeela horren muturrekoa izan behar. Egia da, norberaren egoeraren arabera, ezin ditugula denok produktu ekologikoak eskuratu edo ontzi ekologikoak erabili. Hala ere, ez da etsi behar. Bakoitzak bere lekutik eta dituen aukerekin ziur zerbait egin litekeela, keinu txikia bada ere. Beraz, erosketa egin behar duzun hurrengoan galdetu iezaiozu zure buruari: "Hau berrerabili al nezake?" eta batez ere, "benetan behar al dut produktu hau?".