Zer aurkituko duzu apirileko GAZTEZULO aldizkarian?

Apirilarekin bizi-bizi eta umoretsu hasi dugu Ahikar Azkona Albizu saltserorekin. Bestalde, noski, betiko legez, beste hainbat kontu interesgarri ere topatuko dituzu apirilaren 5etik aurrera. Jakin nahi zein diren?

Nazioarteko telesail arrakastatsu batengatik izango zaizue ezaguna batzuei Ahikar Azkona Albizu, gure apirileko protagonista. Beste batzuek ziur bere Instagrameko kontu umoretsua jarraitzen duzuela. Abilezia soberan du edozein proiektu aurrera eramateko pertsona alai, berritsu, xume, natural eta oso sortzaile honek. Sakonago ezagutu nahi baduzu ez galdu gure elkarrizketa!

Erreportajea atalean Maitane Legarreta Etxezarretak Xabin Fernandezen Kanpora sartzen antzezlana aitzakia hartuta GIBaren eta bere inguruko estigmen inguruko erreportajea prestatu digu. Fernandezi 2013an jakinarazi zioten GIBa zuela eta azkenik, hamar urteren ondoren, horretaz naturaltasun osoz hitz egiteko gai azaldu da eta baita antzerki umoretsu bat sortzeko ere. Ez galdu!

Baina badakigu batzuk nahiago izaten duzuela aldizkaria atal arinagoetatik hasi, eta ziur zuetako asko zuzenean Sexumatoia atalera jotzen duzuela aldizkaria jaso bezain arin, baietz? Bada oraingoan Maddi Kintana aurkezle eta Klak proiektuko kidearekin ibili gara lardaskan. 

Atal arinekin jarraituz, Zirt-Zart deitutakoa ere badugu. Bertan, ezohiko galderentzat, Eider Saez musikariak, ezohiko erantzunak topatu behar izan ditu. Bi aldiz pentsatu gabe botatakoak izan dira, inongo zentsurarik gabe.

Moda Kontuak atalean Iraide Ibarrondok Victoria Secret's lentzeria marka ezagunaren desfileaz mintzatu da. Aurten, berriz ere bueltan omen dator, baina oraingoan aingerurik gabe. Ibarrondok bere zalantzak ditu, ordea, benetan aldatu ote diren markaren baloreak. 

Sexuak deitutako tartean, berriz, baimenik gabe genitalen argazkiak bidaltzen dituztenen inguruan aritu da Maider Garcia de Vicuña. Genitalak beste pertsonentzat atseginak izan daitezke bai, baina baldin eta hori nahi badute. Ingurumena ere jorratu dugu Maite Uriarterekin. 2050. urtean non eskiatuko dugun galderari erantzuten saiatzen da. 

Pantaila Txikian, Gaizka Izagirre The Last of Us telesail arrakastatsuaz aritu da. Aldiz, Maitane Legarreta Etxezarretak Lumazain atalean Anari Alberdiren Gari eta Goroldiozko eta Karmele Mitxelenaren Haragizko Mamuak liburuak disekzionatu ditu. 

Oraitz Graciak, Sukalde Kontuak atalean eguna ondo hasteko zenbait gomendio zerrendatu dizkigu, gosari on batek eguna asko hobetu baitezake! 

Ohitura onak mantenduz musika, telesail eta pelikula gomendio ugari ere badakartzagu. Baita bidaiak, albiste baikorrak eta argazki bikainak ere. Apirilaren 5etik aurrera eskuragarri, galdu egingo duzu?

 

Kioskora joan beharrik gabe aldizkaria hilabetero etxean jaso nahi baduzu harpidetzeko aukera ere badugu; paperean zein digitalean! Sakatu beheko irudian eta informatu zaitez: