ZENTSURA EDO ARDURA. Zer egin mingarriak eta iraingarriak diren obrekin
Zilegi ote da sormen lanen gaineko zentsura? Eztabaida piztu da egunotan, ‘#BlackLivesMatter’ mugimenduaren harira; HBO kateak ‘Gone With The Wind’ filma kentzea erabaki du, ‘12 Years a Slave’ filmaren egile John Ridleyk eskaera egin eta gutxira; baina, sormen lanak bizi ditugun garaien isla badira, ezabatu ote ditzakegu, Historiari bizkarra emanez?
Ez dira garai onenak politikoki okerrak diren obrak maite dituztenentzat; zinemaren eta telesailen munduan, bereziki, zentsuraren atzaparrek gogor eusten diote sormen askatasunari. Asko dira irekitako fronteak; salaketa larriak jaso dituzten eta hainbatetan prozesu judizialetan murgildu diren egileak (hortxe ditugu Woody Allen, Harvey Weinstein, Kevin Spacey, Bill Cosby, Roman Polanski...), #MeToo mugimendua, #BlackLivesMatter... eta bitartean, egun mundua ulertzeko dugun moduarekin bat egiten duten obrak soilik onartzen ditugu, gainontzekoak gizateriaren historiaren puzzlean kabituko ez balira bezala.
Audientzia adin txikikoa balitz bezala tratatuz, badira film eta telesailak ezabatu nahi dituztenak, baina, zeinek erabaki behar du zer den moralki zuzena eta zer ez? Politikoki zuzena eta iraingarria ez dena soilik kontsumitzen badugu gainontzeko guztiari su emanez, ez ote gara Farenheit 451 nobelan salatzen den gizarte autoritario batean erortzen ari?
Hausnarketa hau zuzenean lotuta doa HBO Max kateak Gone With The Wind (Victor Fleming, 1939) klasikoa plataformatik ezabatzeko erabakiarekin (azkenean ez dute kendu, baina azalpen testu bat jarri diote, ikusleak iraindu ditzakeela adieraziz). HBO-k filma kendu nahi izan zuen, 12 Years a Slave filmaren egile John Ridleyk eskaera egin ondoren. Antzeko erabakiak hartu dituzte BBC eta Netflix kateek, Little Britain (2003-2005) telesaila ezabatuz, bertan blackface egiten zutelako (aktore zuriak beltzez margotzen dira pertsonaia beltz baten rola egiteko). Bestalde, Disney+ kateak aldaketak egin nahi izan dizkio Dumbo (1946) filmari, eta Song Of The South filma katalogotik kendu du; film horretako protagonista James Baskett aktore afroamerikarrak Ohorezko Oscarra jaso zuen filmeko interpretazioarengatik, eta Oscar bat jasotzen zuen lehen gizonezko aktore beltza bilakatu zen.
Goazen bada Gone With The Wind-en inguruko polemika aztertzera; lehenik eta behin, filmaren ekoizpen urtea dugu, 1939. Urte horietan oraindik arraza-segregazioa zegoen AEBetan. Segregazioa zenbaterainokoa zen ulertzeko, filmak berak gakoak ematen dizkigu; pertsonaia nagusietako bat, Mammy (protagonistaren neskame beltza), interpretatu zuen Hattie McDaniel aktoreak, eta Oscar saria irabazi zuen, Hollywood-en historian Oscarrarekin saritutako lehen beltza bilakatuz. McDaniel eta bere senarra, ordea, zeremoniako mahai apartatuenean eseri zituzten, filmeko gainontzeko aktoreengatik urrun, eta AEBetako hainbat hirietako estreinaldietan ezin izan ziren sartu, beltzek sarrera debekatua zutelako.
Bere aldetik, filmak AEBetako esklabutza garaian girotutako istorio bat kontatzen du, ipar eta hegoaldeko borrokak kontatuz (eta bide batez, hegoaldeko bizimodua goraipatuz), baina esklabuak ia apaingarri bat dira istorioan. Horregatik, nahiz eta McDanielek Oscar sariarekin historia egin, garaiko afroamerikarren elkarteek gogor kritikatu zuten berak interpretatutako rol arrazista (garaiko estereotipo guztiak betetzen zituen; lodia, otzana eta esklabutzarekin zoriontsua zirudien emakume beltza, bere jabeari miresmenez zerbitzatzen ziona). McDanielek, ordea, oso gogor lan egin behar izan zuen zinemaren munduan tarte bat lortzeko, eta hauxe erantzun zien garaian kritikatu zutenei: “Nahiago dut astean 700 dolar irabazi zerbitzari bat interpretatzeagatik, benetako zerbitzari izatera behartuta egoteagatikastean 7 dolar irabaztea baino”. McDanielek historia egin zuen, bai, baina 1991. urtera arte ez zen Oscar gehiagorik iritsi beltzentzat; urte horretan, Whoopi Goldberg-ek irabazi zuen, mende erdia igaro ondoren.
Dena den, Gone With The Wind ez da Hollywood-en ekoitzitako film arrazistena; D. W. Griffith zinemagilearen The Birth of a Nation (1915) filmean, esate baterako, Ku Kux Klan-eko kideak heroi moduan agertzen dira, Wagnerren musikaren erritmoan eta beren txapel zuriak jantzirik familia zuri bat beltzen atzaparretatik “askatzen” dutenean, eta noski, zuritasuna goraipatzean. Larriena? Beltzen rola egiten zuten aktoreak betunez margotutako aktore zuriak zirela. Film honek, hain zuzen, ia desagerturik zegoen Ku Kux Klan taldea berpizten lagundu zuen, eta egun, gailentasun zuria babesten duten taldeek eredutzat dute film hau.
Zergatik orduan halako polemika entzutetsua orain Gone With The Wind filmarekin? Zer dela eta ikus-entzunezko lanak zentsuratzeko grina? Griffith-en lana ere zentsuratu beharko ote litzateke?
Erantzuna ez da sinplea, baina argi dago George Floyd-en heriotzak oraindik sendatu gabeko AEBetako zauri larriena ireki duela berriro: arrazismoa. Eta arrazismoaren aurkako garrasia horren ozen entzun denez, asko dira “zerbait” egiteko eta beren burua zuritzeko presioa sentitu duten enpresa, talde eta kolektiboak, baina ikusleak iraindu edo mindu ditzaketen obrak zentsuratzea eta adin txikikoak bailiran artatzea ez da bidea; obra horiek existitzen dira, eta dagokien testuinguruan ulertu behar dira, kritikoak izanez eta haiengatik ikasiz. Eta bestela, beti izango dugu ez ikusteko aukera, ezta?
ZENTSURA ONA EXISTITZEN OTE DA?
Arrazismoa obra bat plataformetatik ezabatzeko pisuzko arrazoia izan daiteke? Badira film eta telesailak zentsuratzeko erabili diren bestelako arrazoiak, esate baterako, tabakoa; gauzak horrela, filmaren testuinguruak ere hala eskatu arren, badira pertsonaiak erretzen agertzeagatik zentsuratu dituzten obrak. Iaz, Netflixek tabakoaren aurkako neurriak hartuko zituela iragarri zuen, Strange Things telesail ezagunean “tabako gehiegi” agertzeagatik kritika gogorrak jaso ondoren. Disney, Paramount, Sony, Universal eta Warnes Bros kateek ere, tabakoa pantailetan murrizteko konpromisoa hartu dute. Hemen ere, asmoak onak dira, baina tabakoa gizartearen parte dela ezkutatzen ibiltzeak zentzurik ba ote du?
Muturrera jotzen badugu, esan daiteke Breaking Bad ikusteak drogen mundu ilunean sartu gaitzakeela? Edo Mad Men ikustean etengabe hasiko garela erretzen eta zurrutari ematen? Edo American Psico ikusteagatik serieko hiltzaile bilakatuko garela? Edo...
Berdina gertatzen da sexuarekin; alde batetik, kartel batek zentsura jasan dezake emakumezko baten bularra erakusteagatik, baina ondoren emakumeak dira sexu eszenetan biluzten direnak (gizonei gehiago kostatzen zaie, antza). Umoreak ere jasan izan du zentsura; besteak beste, Borja Cobeagaren Negociador filma gogor kritikatu zuten terrorismoaren testuinguruan umorezko filma egiteagatik. Aldiz, indarkeriak ez du horrenbesteko zentsura jasaten; gerrateek, hilketak, borrokak, odoleztatutako eszenak, kontziente garena baino normaltasun handiagoarekin irensten ditugu.
Orduan, zein da bidea? Arrazismoaren aurkako neurri moduan, adibidez, Netflixek Black Lives Matter izeneko atal berria sortu du, bertan beltzen istorioak kontatzen dituzten telesail, film eta dokumentalak bilduz. Atal berrian 50 lan inguru bildu ditu plataformak (AEBetan), besteak beste, Spike Lee-ren film berria, Da 5 Bloods; bertan soldadu afroamerikarrek Vietnameko gerran igaro zutena kontatzen da. Filmarekin batera, Dear White People, What Happened, Miss Simone?, Imperial Dreams, Nola Darling, Who Shot The Sheriff, Strong Island. Orange is the New black, Luke Cage, When They See US, Self Made, Pose, 13th eta beste hainbat lan bildu dituzte.
Ekimen hau bestelako obrak zentsuratzea baino logikoagoa iruditzen zait, izan ere, hori da benetan arrazismoarekin amaitzeko behar dena, beltzek kontutako istorioak, beltzak protagonista direnak eta beren ikuspegia munduari ezagutzera emateko aukera eskaintzen dutenak. Azken finean, gizateriaren historia basatia da, odoltsua, bortitza, indarkeriaz betea; gerrateak, torturak, bortxaketak, esklabotza, hilketak, miseria, gosea, agintari ankerrak... guzti hori ezabatu behar ote dugu? Alderantziz esango nuke; hobe guztiaz ondo ikasten badugu, historia ezagutu ezean errepikatzera kondenatuta gaude eta, askotan ikusi dugun moduan.