Zenbat dutxatu behar gara?

Egunero pasa behar ote dugu uretik? Zer da onena gure azalarentzat? Erantzunak harrituko zaitu!

Dutxako erritualak ez dira denentzat berdinak; batzuek ez dute barkatzen eguneroko dutxa azkarra lanera joan aurretik, besteek nahiago dute eguna amaitzean bainu lasaigarri bat eman... baina beharrezkoa ote da egunero gure gorputza ureztatzea? Eta osasungarria?

 

 

Columbiako Unibertsitatean berriki egindako azterketa baten arabera, gauza asko egiten ditugu gaizki dutxatzerakoan. Lehenik eta behin, erabiltzen ditugun higiene produktu gehienak ez dira guk uste bezain osasungarriak azal eta ilearentzat; etiketak denetik esaten duen arren, kasu gehienetan hobea da betiko xaboi pastilla arrunta.

 

 

Geroz eta produktu gehiago erabiltzen ditugu gure gorputzaren garbiketa bermatzeko; ilerako pare bat, gorputzerako beste bat, esfoliantea, hidratantea... Baina egitan ez dugu gure gorputza garbiago utziko guzti horrekin; ez dira beharrezkoak. Ikerketaren arabera, dutxak usaina ezabatuko digu zikin gaudenean edota kirola egitetik etorri eta erabat izerdituta gaudenean, baina osasuntsu mantendu eta gaixotasunak ekiditeko nahikoa da eskuak garbitzearekin.

 

 

Ikerketak gaineratzen du osasunarentzat kaltegarria izan daitekeela gehiegitan dutxatzea; azala lehortu egin daiteke, eta naturalki sortzen duen babesa suntsitu, bakteriei sartzeko zirrikituak eskainiz.

 

 

Orduan, zenbat dutxatu behar gara? Ikerketaren arabera, kirola egin ezean, astean pare bat aldiz nahikoa litzateke. Gehiago edo gutxiago dutxatzea bakoitzaren gorputzaren arabera doa, baina ez dute inolaz ere ez gomendatzen egunero dutxatzea. Eta zu, noiz dutxatzen zara?