Zein?: “Familian aritzea abantaila da”

Ama Say-ren errautsetatik sortutako talde hau Bilboko ezkerraldean jaio zen, duela bost urte. Zein?-ek estreinako lana kaleratu du: "Seiehun eta Bi". Gontzal bateria jolearekin hitz egin dugu.


Zer ezkutatzen da "Seiehun eta Bi" izenburuaren atzean?
Istorio bitxi bat. Bi seme-alaben aita naiz ni eta, kasualitatez, biak erietxe bereko 602 gelan jaio ziren. Hortik izenburua.

Hitzek garrantzi handia  dute diskoan, ezta?
Sentimenduz beteriko mezuak adierazten saiatu gara. Gure kasuan, hitzek eta musikak garrantzi bera dute.

Musikari dagokionez, zer eskaini nahi diozue entzuleari?
Rock, pop eta garage musika entzuten dugu eta gure diskoan haien eragina soma daiteke. Hala ere, guk zerbait irekia egiteko asmoa dugu, hori baita gauzak adierazteko modurik onena.

Anaia eta biak ari zarete taldean. Zein abantaila eta zein desabantaila du familian aritze horrek?
Desabantailak baino, abantailak ditu. Gure etxean hiru anaia gara, hirurak musikariak. Beraz, beti izan dugu halako giro berezia. Musika sortzeko, anaiarekin jardutea primeran dago, oso ondo ulertzen baitugu elkar. Hori bai, batzuetan familiako tira-birak azaleratu egiten dira.

Askok talde berritzailea zaretela diote. Zer deritzozu?
Guk ez dugu gauza bitxirik egin nahi. Sentitzen dugun musika transmititzea da gure asmoa. Bilboko ezkerraldean bizi gara; leku ezerosoa, lantegi asko dituelako, eta euskara aldetik, nahiko eskasa. Alde horretatik, gu talde txikia gara, baina euskal kulturari gure hondar aletxoa eskaintzeko ahalegina egiten dugu.

Antzekotasunik ba al da Zein? eta Ama Say taldeen artean?
Nire ustez, ez dago lotura handirik. Joakin gitarra jolea eta biok Ama Say taldean aritu ginen, baino horrek ez du esan nahi taldea Ama Say berpizteko helburuz sortu zenik. Gaur egun, beste ikuspegi batetik ikusten ditugu gauzak, eta hori agerian da Zein?-en.

Azkenaldian talde gazte ugari sortzen ari dira. Freskotasuna eman al diote musika arloari?
Euskal musikan zerbait gertatzen ari da, talde berri ugari sortu baitira, eta batzuk nahiko interesgarriak. Mugimendu hori gure kultura hobetzeko primeran dago. Izan ere, musika kulturaren zutabe garrantzitsua da.